Oiartzungo akta zaharrak: 'Donemiliagako glosak' Oiartzunen, XVIII. mende hasierako euskarazko oharrak (III)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

III. Egilearen inguruan, bi ohar

Hitzei erreparatuta, oinarrizko kontzeptuak biltzen dituen hiztegi baten aurrean gaude. Sinpletasun edo ohikotasun hori da, hain zuzen ere, oharren zioari buruzko hamaika galdera sorrarazten dituena: zer behar egon zitekeen egunerokotasunean barra-barra erabiltzen ziren hitzei argibide bat emateko? Nork, norentzat eta zertarako idatzi ziren? 

Oharrak agiri-mota berean agertzen dira beti: udalbatzak bikarioari edo bere laguntzaileren bati zuzendutako idatzietan, hain zuzen ere. Hortaz, testuaren egilea eta hartzailea beti berdinak dira. Idazleari dagokionean, eta udal-agiriak izaki, glosak urte horietako bakoitzean udal-eskribatu moduan jardun zuenaren lumatik atera zirela pentsa daiteke. Kargu hori, beste asko bezala, urtero aldatzen zen, Bailarako zenbaki-eskribatuen artean aukeratuz. Hortaz, oharrak agertzen diren urteak ikusita, guztiak idazle berdinari dagozkion ala esku desberdinak egindakoak izan ziren ondoriozta daiteke.

Hipotesi hau ardatz hartuta, eta lehen begiratuan, oharrak hiru gizonezkori lotuak azaltzen dira nagusiki: Frantzisko Arpide Mirandakoa, Frantzisko Antonio Urbietakoa eta Frantzisko Zuloagakoa. Momentuz dokumentua dugun azken oharra, 1738koa, Jose Antonio Altza Fagoagakoarena dugu, 1733 eta 1776 urte bitartean Oiartzungo zenbaki-eskribau izan zenarena.

Azken hori kenduta, hiru eskribatu nagusietan oharrik gutxien burutu zituena Frantzisko Arpide izan zen: bi 1716an eta bat 1721ean. Urbietak eta Zuloagak kopuru handiagoak dituzte, bakoitza sei oharren ustezko egilea baita. Urbietak hiru glosa idatzi zituen 1712an, bi 1710ean eta bakarra 1715ean. Zuloagak, aldiz, lau 1711n eta bi 1737an.

Udal-eskribauaKontzeptuaUrteaGaia
Urbieta, Frantzisko AntonioIratze1710Basoa
Urbieta, Frantzisko AntonioSaroe1710Basoa
Zuloaga, FrantziskoGorosti1711Basoa
Zuloaga, FrantziskoZatitze1711Basoa/Azienda
Zuloaga, FrantziskoOihan1711Basoa
Zuloaga, FrantziskoLandare1711Basoa
Urbieta, Frantzisko AntonioEztei1712Gizartea
Urbieta, Frantzisko AntonioPlantxa1712Burdina
Urbieta, Frantzisko AntonioGiarreba1712Gizartea
Urbieta, Frantzisko AntonioLizar1715Basoa
Arpide Miranda, FrantziskoIngude1716Burdina
Arpide Miranda, FrantziskoIngude1716Burdina
Arpide Miranda, FrantziskoEreiaro1721Gizartea
Zuloaga, FrantziskoMintegi1737Basoa
Zuloaga, FrantziskoIngude1737Burdina
Altza Fagoaga, Jose AntonioKabia1738Burdina

Oharren gehiengoa 1710-1716 urte bitartean kokatzen bada ere, ordurako ez Arpide, ez Urbieta, ezta Zuloaga ere e ziren hasiberriak. Zuloagaren jarduna bere lehenengo oharra gauzatu baino zenbait urte lehenago hasi zen, 1696 bukaeran. Ordutik, udal-eskribautza askotan lortu zuen: bost aldiz aritu zen 1697 eta 1708 artean eta, hortik aurrera, beste hamabitan jarduteko aukera suertatu zitzaion.

Urbietak eta Arpide Mirandak, berriz, Zuloagak baino lehenago hasi zuten ibilbidea. Oharrak idatzi ziren garairako, eskuak udal-eskribautzan trebatuak zituzten: Urbietak, adibidez, 1710eko oharra baino lehen, 1688-1707 artean, zazpi aldiz aritu zen udal-liburuak idazten. Arpideren eskarmentua handiagoa zen. 1716ko bere idatzietan lehenengo oharrak azaldu aurretik, hamarkada luzetan aritzeko parada izan zuen: udal-eskribau moduan dakusagun lehenengo urtea 1674a da, eta ordutik beste 15 urtez lanbide horretan jardun zuen. Urterik gehienak glosak buru aurretik egin zituen: hamabi aldiz izan zen udal-eskribaua 1716 baino lehen. Urbietan eta Arpideren jarduna beraien azken oharrak egin eta urte gutxira bukatu zela ematen du. Arpideren bukaerako udal-eskribautza 1721ekoa izan zen (1723an hil zen). Urbietari dagokionez, 1718ko abenduan zendu zen, udal-eskribautzan 1715ean ikusi arren azkenekoz.

Oharrei lotutako eskribatuen udal-eskribau jarduna

EskribauaUdal-eskribautza
Zuloaga, Frantzisko (1696-1737)1697, 1701, 1702, 1706, 1708, 1711, 1714, 1717, 1718, 1720, 1722, 1723, 1724, 1726, 1728, 1730, 1733, 1737
Urbieta, Frantzisko Antonio (1685-1718)1688, 1692, 1693,1696, 1700, 1705, 1707, 1710, 1712, 1715
Arpide Miranda, Frantzisko (1673-1722)1674, 1678, 1682, 1683, 1686, 1689, 1691, 1695, 1699, 1704, 1709, 1713, 1719, 1721

Alabaina, horren udal-jardun nabarmena duten eskribauek ohar gutxi batzuk egiteak, eta hauek hainbat urtetan pilatuta egoteak, ez du ageriko logikarik. Batetik, itzultzen diren hitz horietako gehienak etengabean agertzen direlako, izan bikarioari zuzendutako agiri horietan zein beste batzuetan. Bestalde, oharretako hiru protagonista nagusiek horiek egin baino lehen eta ondoren ere udal-eskribau jarduna bete zutelako. Euskarazko hitzak, ordea, eta salbuespenak badaude ere, oso epe kronologiko laburrean idatzi ziren. Ondorioz, glosak idatzi ziren unean behar bereziren bat sortu zela pentsa daiteke.

Hau guztia, jakina, oharren egilea edo egileak eskribau horietako bat izan zenaren ideia babesten baldin badugu. Hipotesi honek, ordea, zenbait ahulezia ditu. Orain aipatutakoez gain, 1742ko ohar batek zalantzak areagotzen ditu. Bertan gaztelaniazko bi hitz agertzen zaizkigu, informazio gehigarria edo testu nagusia idazteko garaian ahaztua geratu zena jartzeko asmoz: "... para fin de obrar vna porsión de tabla -p(a)ra cuba-, y suplica....". Eta glosaren hizki moldean begirada jartzen badugu, Urbieta edota Zuloagaren testuetan ageri diren oharrak burutu zituen esku berak 1742ko hau egin zuela deritzogu. Ordurako, ordea, gure hiru hautagai nagusiak mundu honetatik joanak ziren.

Argi dago hizki molde bera edo antzekoa 1710-1742 urte bitartean ikusteak analisia zaildu egiten duela. Glosen egilearen ingurukoak aztertzeko, ohar horien idazkeran begiak zorroztu beharrean gaude, eta eskribau desberdinek aurkezten dutenarekin alderatu. Esker txarreko lana da, luzea, korapilatsua eta errazetik uste baino gutxiago duena; ondorioz, lerro hauetatik haratago doan egitekoa dugu. Dena den, ez genuke hasierako gerturatze bat egiteko aukera galdu nahi.

Esan bezala, oharrak dituzten lau eskribauak desberdintzea ez da xamurra. Alderik agerikoena aurkezten duena 1738ko cabia da; kasu honetan, badirudi eskribaua eta oharraren egilea pertsona bera izan zirela, hots, Jose Antonio Altza Fagoaga.

Urbieta, Zuloaga eta Arpideren dokumentuetan azaldutakoak argitzea, berriz, beste upel bateko sagardoa da. Behin baino gehiagotan hiruren idazkerak oso antzekoak dirudite. Egoera hau prozesu natural baten baitan txerta daiteke, jaso zuten hezkuntza edo trebatzeko modua antzekoa izan zela pentsatuz. Baina badago hizki parekotasun hori adieraz dezakeen beste arrazoi pisuzko bat: udal-eskribau jakin bati dagokion urtean, eta titularrak dokumentuari sinadura ematen zion bitartean, testua beste batek idatzi izana, hain zuzen ere. Adibidez bat ezteiak eta ginarreba kontzeptuak azaltzen diren 1712ko dokumentuak osatzen du. Teorian Urbietak idatzia da, eta berak sinatua dago, baina agiriaren lehenengo zatia, eta euskarazko glosak dituena, Arpidek idatzi zuela argi eta garbi azaltzen da; azken honek bere udal-jardunean burututako testuak ikusi besterik ez ditugu, hori hala izan zela frogatzeko. Halaber, 1737 urteko oharrak, Zuloagaren jardunari dagozkionak, beste pertsona batek idatzitako testu batean ageri dira. Kasu honetan, idazle desberdintasuna liburuaren hastapenetik ageri da: urteko lehenengo udalbatzarrari dagozkion hasierako sei folioak ez ditu Zuloagak idatzi, beste esku batek baizik, nahiz eta Zuloagak berak sinatu; ondoren datorren pisuzain berrien zina, aldiz, Zuloagak berak izkiriatua da. 

Oharren egiletasunaren inguruan beste hipotesi bat ere mahaigaineratu daiteke, gaia gehiago korapilatuz. Honen arabera, idazlea eskribau zibilen mundutik at eta hartzailearen esparruari lotuta legoke, hau da, Oiartzungo elizgizon batek egin zituela. Hemen ere, matazak zenbait hari-mutur aurkeztu ditu. Ohar gehienak burutu ziren garaian, Fausto Zuaznabar izan zen Bailarako bikarioa. Kargu horretan aritu zen, gutxienez, 1704tik. Zoritxarrez, bere egiletasuna baztertu behar dugu, 1718ko uztailaren 3an zendu baitzen. Pulpitutik aditzera emateko ardura bikarioarena bazen ere, bere ordezkoren batek ere egin zezakeen eta, beraz, garai haietan eliz kapitulua osatzen zuten beste kideen inguruko ikerketa grafologikoa egin behar litzateke. 

Jesukristo hil eta piztu zenaren sinesmena bezala, oharrek beste misterio bat azaleratzen digute. Ikertzaileek, beraz, badute zer aztertua.

Ohar eta glosak

UrteaOharra edo glosa
1710"que ningún vecino y morador d´este Valle corte -yraze- alecho ninguno"
1710"... desde el paraje llamado Mucago Arizaq asta el sel -saroe- de Unailecu, devajo de sus señales..."
1711

"Que las cabras hazen notable daño en los -landareas- robles y castaños recién plantados, como assí bien en los -oy- montes conzejiles"

"...mandaron sus merçedes que todos los vezinos y moradores de este dicho Valle que así tubieron cabras, los agan -satice- cortar los dientes dentro de dos días..."

1711"ni ase atreua ningún vecino y morador a cortar ni esquilmar ningunos -gorost- azebos"
1712

"3º capítulo: Que no se pueda conbidar a bodas -estayes- si no es a parientes asta el tercer grado"

"Capítulo 4º: Que en los duelos se guarde y obserbe la Real Pragmática... en poner lutos, sólo se permite a los padres, hermanos, abuelos ya otros aszendentes -guiarraba- suegro o suegra, marido y a muger..."

1712"An arrancado las lamas -planch- de la puente de Chaparra"
1715"Así bien se pondrá enel mismo remate un presno -lirarra- grande ynútil..."
1716

"se pondrán oy, en la primera almoneda, el -ungudea- yunque nuebo que se a de hacer para la herrería de Olaberría..."

"que el yunque -yngudea- de la herrería de Olaberría se rematará oy, día domingo..."

1721"cómo el dicho día diez y nuebe de ereyaroa Junio del año pasado..."
1737"plantíos de robles y algunos fresnos y castaños que se hallan en cinco viberos -miteguitan-, como son Ezcorrin y otros..."
1737"...el yunque -yngudia- de la herrería de Olaberría, devaxo de calidades..."
1738"...composizión o remiendo que necesita el mazo -cabia- de la herrería de Vgarteola..."

I. Eliza eta euskara

II. Oiartzungo 'glosak'

 

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: 'Donemiliagako glosak' Oiartzunen, XVIII. mende hasierako euskarazko oharrak (III)