Oiartzungo akta zaharrak: 'Donemiliagako glosak' Oiartzunen, XVIII. mende hasierako euskarazko oharrak (I)

Oiartzungo artxiboak euskararen ezagutzarako duen materialaz behin baino gehiagotan aritu gara. Bertan gordetzen den aspaldiko dokumentazioa gure hizkuntzaren nondik norakoak aztertzeko euskarri garrantzitsua da. Horren lekuko ditugu euskara aintzat hartuta burutu ditugun bestelako berriak, azken egunetan aurkeztu den 1743ko euskara hutsean idatzitako eskutitza ahaztu gabe.

Euskarazko printzak horren ugariak izatea, dokumentazioaren beraren osaeran datza, akta-liburuen eduki anitzari esker. Datuen bilkaeta bide desberdinetatik iristen da: batzuetan erraz, lehen golpean, topa daitezke; besteetan, berriz, begia zorroztu beharra dago, oharkabean igarotzeko aukerak handiak baitira. Duela urte gutxi batzuk euskararen debekua hizpide izan genuen; orain, berriz, hizkuntzaren indar eta beharra islatzen dituztenak jorratuko ditugu.

I. Eliza eta euskara

Sortetan gordetzen diren agirien artean, bikarioari zuzendutako idatziak daude. Bertan, udalbatzak adostutako agindu, erabaki eta xedapenak elizan argitaratzeko eskaera egiten zitzaion parrokoari. Pentsa daitekeenez, argitara eman beharreko kontuak hagitz desberdinak ziren: errenten eta basosail edo mendisailen enkanteak, udalbatza irekietarako deialdiak, produktuen prezio edo salneurrien inguruan adostutakoak etabar.

Meza garaia jende andana biltzen zuen unea izaki, ezin egokiagoa zen xedapenen berri emateko. Hartara, auzo eta biztanle gehienek berri izango zuten, arau-hausteen aurrean ezjakintasuna aitzakia moduan ezin erabiliko zelarik. Jakinarazpen hauek guztiak euskaraz egiten ziren. Halakoak ia hasiera-hasieratik ikus daitezke. Oiartzungo lehenengo akta-liburuan, 1658koan, urtarrilaren 6ko batzarrean adostutako neurriaj elizan jakinarazi ziren; "en alta e inteligible voz, en lengua bascongada". Orokorrean, horrelako oharrekin moldatu behar dugu, hots, ez dugu egindako itzulpenaren zantzu fisiko edo idatzirik. Badira, ordea, salbuespen batzuk, eta noiz edo noiz Udalak hartutako erabakien testua euskaraz idatzita egotea suertatu da. Horren lekuko dugu 1822 urteko bat.

Badira, halaber, muturreko bi egoera horien erdibidean dauden agiriak. Izan ere, bikarioarentzat ziren idatzi horietako zenbaitetan, euskarazko ohar argigarriak azaltzen dira, hau da, gaztelaniazko kontzeptuak azaltzeko erabilitako hitzak; glosak, azken finean. Ez dira euskara hutsean burututako testu luzeak, apunte ñimiño batzuk baizik. Hala eta guztiz ere,  gure hizkuntzaren historian sakontzeko baliagarriak direlakoan gaude.

Horien ingurukoak aipatu baino lehen, ohar parte bat egin beharrean gaude: erabili ditugun iturriak, ohikoa denez, udal-akten hustuketa prozesuari lotuta daude. Horrek esan nahi du orain arte landu diren liburuetan jarri dela begirada. Lerrooi dagokionez, 1742koetara artekoak hartu dira, urte horretakoa barne. Badaezpada, bilaketak 1750 urtera arte zabaldu ditugu, baina, lehen begiratuan, emaitzak antzuak izan dira. Edonola ere, material horretan guztian sakonduz, etorkizunean ohar gehiagoren berri izatea gerta daiteke. 

Halaber, paragrafo hauen helburua ez da azterketa filologiko sakon bat egitea. Gure xedea hitzak aditzera ematea da, besterik gabe, 

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: 'Donemiliagako glosak' Oiartzunen, XVIII. mende hasierako euskarazko oharrak (I)