Oiartzungo akta zaharrak: 'Donemiliagako glosak' Oiartzunen, XVIII. mende hasierako euskarazko oharrak (II)

II. Oiartzungo 'glosak'

Aldeak alde, ohar berezi horiek euskarari buruzko lehen esaldi idatzietara garamatzate, hots, oihartzun handia izan zuten X. mendeko Donemiliaga Kukulako glosetara. Batzuek zein besteek itxura antzekoa agertzen dute eta biek, funtsean, helburu berari heltzen diote: erdarazko testu batean agertzen diren hitz batzuei argia ematea. Hala, gaztelaniazko hitz jakin batzuen alboan edo goialdean euskarazko kontzeptu bat gehitzen da, azalpen moduan. Oiartzunen, 1742ra arteko liburuetan hauexek dira:

Gaztelaniazko hitzaEuskarazUrtea
AlechoYraze1710
SelSaroe1710
AceboGorost1711
CortarSatice1711
MontesOy (?)1711
Robles y castaños recién plantadosLandareas1711
BodasEstayes1712
LamaPlanch1712
SuegroGuiarraba1712
PresnoLirarra1715
YunqueUngudea1716
YunqueYngudea1716
JunioEreyaroa1721
En çinco viberosMiteguitan1737
YunqueYngudia1737
MazoCabia1738

Topatutako glosak testuen garaikideak direla esan behar dugu; ez dira gerora idatzitakoak. Lerrorik nagusienetan, oharrak 1710-1716 artean  burutu ziren, baina ondoren egindakoak ere azaldu zaizkigu. Data horietatik gertu, 1721ean, ereyaroa dugu. Une honetan aurkitu digutun azken hirurak, berriz, 15 urte beranduagokoak dira: horietako bi 1737an idatzi ziren eta beste bat, 1738an. Aipamen kopuru handiena 1710-1712 urteetan eman zen; bederatzi. Gerora, oharrak urritzen joan ziren: 1715 eta 1721 artean lau aipamen ditugu, horietako bi urte berekoak (1716). Ordutik isiltasuna da nagusi, harik eta 1730eko hamarkada bukaeran berriz agertu arte.

Zerrendan bildu ditugun 16 oharren artean, lurrari eta bereziki basoari lotutako hiztegia da nabarmenena. Mundu horri bederatzi ohar dagozkio, tartean hilabete baten izena. Landare-espeziei buruzkoak ditugu (iratze, lizar, gorosti, oihan), baita burutzen ziren jardunen ingurukoak ere (sarobe, landare, mintegi). Talde horren barnean sartuko genuke zatitze aditza ere, ahuntzei lotua badago ere, animalia hauek haritz- eta gaztaina-landareak sortzen zuten txikizioari aurre egiteko hartu baitziren. Kalte horiek ekiditeko erabaki irmoa hartu zen: animaliei hortzak zatitzea, hau da, errotik kentzea baino, horiek puskatu edo gutxitzea: "mandaron sus merçedes que todos los vezinos y moradores d´este dicho Valle que así tubieron cabras, los agan (satice) cortar los dientes y dentro de dos días d´esta publicata".

Basoari buruzko multzo honetan bada ilunagoa gerta daitekeen kontzeptu bat, monte hitzaren argigarri jartzen dena, hain zuzen ere. Agiriak berak ez du irakurketa errazten eta, gainera, ez dakigu osorik dagoen edo ez. Glosa moduan oy edo ay hizkiak jasotzen dira. Ingurumaria ikusita, ziurrenik oihan kontzeptuarekin lotu beharko genuke. 

Beste hitzei dagokionez, bostek burdin munduarekin dute lotura (hiru ingude, eta plantxa eta gabi bana) eta, azkenik, gizarteari lotutako bi kontzeptu ditugu: eztei eta giarreba.

Hitz gehienek, garaiko Oiartzunen hizkuntza-errealitatearen goinafartasunaz dihardute. Orotariko Euskal Hiztegian azaldutakoak aintzat hartzen baditugu, argia da hori. Horren lekuko eztei eta ereiaro kontzeptuak, goi-nafarreraz, lapurteraz edo behe-nafarreraz erabiltzen baitira; errail  bera markatzen dute giarreba eta miteguitan hitzek ere, eta beste horrenbeste ikus daiteke iratze eta saroe kontzeptuekin. Agian ohar horiek idazteko beharra, hizkuntzari argibideak ematean zetzan. Erabakiak euskaraz aditzera emateko ardura zuen horrentzako argigarri suerta zedin egingo ziren, Oiartzunen nola esaten zen ez zekielako.

Baina hau guztia hipotesi hutsa besterik ez da. Gainera, euskalkiaren isla logiko honen ondoan, deigarriagoak suertatzen dira gorosti (gorost) edo lizar (lirarra) kontzeptuak glosa moduan azaltzea, euskaldietan erabilitako hitzak ez baitira oso aldakorrak: leixar edo korosti, korostu, goosti, kostei... Beharbada, euskalki desberdina hitz egin baino, komunikatzailearen euskara gaitasunean legoke gakoa; baina ideia ahula delakoan gaude, zer esanik ez bikarioak halako kontuak etengabean aditzera ematen zituenean. 

Halaber, glosa hauetako zenbait aldaera ez omen daude Orotarikoan bilduta. Bertan eraiero edo eriaro azaltzen diren moduan, Oiartzungo testuan idatzita dagoen ereiaro (ereyaro) hitza ez da ageri. Adierazgarriagoa gerta dakiguke inguderen kasua, Orotarikoak biltzen dituen 15 aldaeretan 1716ko glosa batean azaltzen den ungude ez baitago. Adibide hau bitxia da, urte berean, eta esku berak, yngudea idazten baitu.

I. Eliza eta euskara

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: 'Donemiliagako glosak' Oiartzunen, XVIII. mende hasierako euskarazko oharrak (II)