2026ko tasetan hobariak eskatu daitezke, otsailaren 28a bitarte

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

2026an oiartzuarrek ordainduko dituzten zerga eta tasen egutegia etxez etxe banatu du Udalak, tributu ezberdinen kitapena zein epetan egin behar den jakiteko. Urteko zerga eta tasa nagusiak ondorengoak izan ohi dira: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga, ondasun higiezinen gainekoa, jarduera ekonomikoen gainekoa, ura eta estolderiarena, eta hondakinena.

2026ko zergak eta tasak udalbatza osoaren babesez onartuta daude eta hiru helbururekin zehaztu dira: udalak kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko diru-sarrera nahikoak izatea, egoera zaurgarrian dauden oiartzuarrak laguntzea eta trantsizio ekologikoa sustatzea. Oiartzun justuagoa, solidarioagoa, kohesionatuagoa eta jasangarriagoa izateko helburuz, alegia.

Horiek horrela, zerga eta tasen gaineko 20 hobaritik gora daude jasota ordenantzan: besteak beste, trantsizio ekologikoan pausoak eman dituzten herritar eta enpresentzat hainbat hobari, eta diru-sarrera gutxi duten familientzako erabateko salbuespena (ordaindu beharrik eza) ur eta estolderiaren eta hondakinen tasan. Aipatzekoa da, baita ere, hutsik dauden etxeen jabeek %50eko hobaria izango dutela ondasun higiezinen gaineko zergan (IBIan) etxebizitza Bizigune edo ASAP programen bidez alokairuan jartzen badute. Hala ez bada, hutsik mantentzen badute,  %100eko gainkargua ordaindu beharko dute. Ikusi hemen eska daitezkeen zerga eta tasen gaineko hobariak. Hobariak aplikatzeko eskaera egin egin behar da (hobariak ez dira automatikoki aplikatzen).

100 bat familiek egiten dute uraren eta hondakinen tasen gaineko salbuespen-eskaera

Udalaren enkarguz orain gutxi egindako ikerketak erakusten duenez, azken datuen arabera, Oiartzunen 4000 familia inguru bizi dira (kide bakarreko familiak barne) eta horietatik 100 bat dira bereziki egoera zaurgarrian daudenak. Olaia Lasa Olaziregi ongizate zinegotziaren hitzetan, “udalak aspalditik ditu martxan hobari sistemak eta horri esker, 2025ean, adibidez, 102 familia egon dira uraren eta hondakinen tasetatik salbuetsita”.

Hobari-eskaerak, otsailaren 28a bitarte

Urtarrilaren 1ean zabaldu zuen Udalak tasa eta zergen gaineko hobariak eskatzeko epea eta otsailaren 28a bitarte egongo da irekita. Eskaerak udaleko arreta bulegoan edo egoitza elektronikoaren bitartez egin daitezke. Horren gaineko informazio guztia hemen kontsultatu daiteke.