Lau udaltzain berri hautatzeko prozesurako izenematea zabaldik dago

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo Udalak martxan du lau udaltzain berri hautatzeko oposizio prozesu propioa. Dagoeneko aurkeztu daitezke parte-hartzeko eskaerak.

Udalak urteak daramatza udaltzaingo-eredu propioa bultzatzen, hurbilekoa, herritarren zerbitzura dagoena eta auzotarrekin elkarlana oinarri duena, inplikatua, komunitarioa, euskalduna. Horregatik, EAEn udaltzain agenteak hautatzeko egiten diren prozesu orokorrak erabili beharrean, Udala izan da deialdia egin duena.

Herritarrak laguntzea, argibideak eta arreta eskaintzea, auzotarrekin lan egitea, jendea babestea, bizikidetza bultzatzea eta espazio publikoak zaintzea izango da beraien egiteko nagusia. Hau dela eta, hautaketa prozesuan proba fisikoek baino (gai edo ez gai baloratuko dira), trebezia sozialek garrantzia handiagoa izango dute (elkarrizketekin eta test psikoteknikoekin baloratuko dira).

Herriko emakumeen izenematea bultzatu nahi da

Oiartzungo udaltzainen artean gizon eta emakumeen arteko arrakala nabarmena da gaur egun: sail honetan langileen %12 baino ez dira emakumeak. Udalarentzat lehentasunezkoa da alde hau gutxitzea, eginkizun hauek betetzeko eta kasu zehatzetarako, emakumeen aurkako indarkeria gertatzen denean esaterako, garrantzitsua baita laguntza eskaintzen duen udaltzaina emakumezkoa izatea.

Hori dela eta, besteak beste, plazetako bat emakumeentzat erreserbatu da. Oposaketa baloratuko duen epaimahai ere parekidea izatea bermatuko da, genero ikuspegia prozesu osoan txertatu eta erabakigarria izan dadin.

Emakume askok ez du prozesu hauetan izena ematen, probak gainditzeko gai izango ez direla pentsatuta. Baina emakumeek emaitza onak lortzen dituzte parte hartzen dutenean. Gainera, badaude rolen banaketaren ondorioz emakumeek garatu dituzten hainbat gaitasun udaltzainen eguneroko lanean lagungarriak direnak: enpatia, komunikatzeko gaitasuna…

Prozesuan parte-hartzeko baldintzak

Izena ematen dutenek gutxienez 18 urte izan behar dituzte, batxilergo edo goi-mailako beste edozein ikasketa baliokide eta B gidabaimena. Gainera, euskarako 3. Hizkuntza eskakizuna egiaztatu beharko dute (prozesuan bertan ere izango da azterketa egiteko aukera). Oinarrietan ikus daiteke informazio guztia.

Udaberrian izango dira azterketak. Plaza lortzen ez duten hautagaiekin lan-poltsa osatuko da, etorkizunean Udalak izan ditzakeen behar berrietarako.

Betekizun anitzetarako ofizialen hautaketa prozesua ere abian da

Udaltzain agenteen prozesuaz gain, Udalak irekita du betekizun anitzetarako lau ofizial hautatzeko prozesua: igeltsaritzako bi, argiteriko bat eta ur zerbitzuko bat. Oinarriak Udaleko web gunean kontsultatu daitezke, Iragarki Taulak atalean. Eskaera orriak Udaletxean bertan edo egoitza elektronikotik aurkeztu daitezke.

Gehigarriak

Lau udaltzain berri hautatzeko prozesurako izenematea zabaldik dago