Azaroaren 25a dela eta, bi udal taldeen adierazpen instituzionala

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo Udaleko EAJ eta EH Bildu taldeek. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiei erabateko gaitzespena adierazi eta azaroaren 25eko hitzordu eta mobilizazioekin bat egin eta herritarrak ere horretara gonbidatzeaz gain, hainbat konpromiso hartu dituzte “giza eskubideen urraketa larri honekin” amaitzeko bidean. Indarkeria matxisten aurrean neutraltasun egoera posiblerik ez dagoela adierazi eta konpromisoa hartzen dute prebentzioa, arreta eta erantzun egokiak eskaintzeko baliabideak areagotzen eta berdintasun-politikak indartzen jarraitzeko. Azpimarratu dute guztion ardura dela “aurre egitea eta esparru ezberdinetatik aritzea, Gobernantza Feminista oinarri”.

Segidan onartu duten adierazpen instituzionala.


 

Azaroak 25: Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna

Urtero bezala, azaroaren 25ean Oiartzungo Udalak emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurrean erabateko gaitzespena adierazteaz gain, konpromisoa hartzen du prebentzioa, arreta eta erantzun egokiak eskaintzeko baliabideak areagotzen eta berdintasun-politikak indartzen jarraitzeko. 

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa larria da eta gizarte osoari eragiten dio. Hori desagerrarazteko, erakundeek eta gure komunitatea osatzen dugun kide guztiok konpromisoa hartu behar dugu. Beharrezkoa da errespetuan eta parekidetasunean oinarritutako harremanak sustatzea, egiturazkoa den indarkeria horri eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea. Indarkeria matxisten aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik.

Indarkeria matxista lehen mailako arazoa da gure gizartean, bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora, hau sistema patriarkal sendo baten ondorioa da. 

Analisi feministak azpimarratzen du sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria; izan ere, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten dio, botere-harreman sakonek markatua, eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitzaren esparru eta alderdi guztietan. Zentzu honetan guztion ardura da aurre egitea eta esparru ezberdinetatik aritzea, Gobernantza Feminista oinarri. 

Emakumeen aurkako indarkeria ez da emakumeen askatasunari eta duintasunari soilik eragiten dien arazoa; gizarte osoaren bizikidetza eta berdintasuna kaltetzen dituen giza eskubideen urraketa da. Horregatik, ezinbestekoa da emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna sustatzea, diskriminazio mota guztiei aurre egitea eta emakume guztiek beren bizitza askatasunez, segurtasunez eta duintasunez garatzeko aukera bermatzea. Horretarako, prebentzioa, hezkuntza, kontzientziazioa eta erakundeen arteko lankidetza funtsezko tresnak dira.

Oiartzungo Udaletik oiartzuar guztien konpromiso partekatua sustatu nahi dugu, emakumeen aurkako indarkeria matxisten edozein adierazpenen aurrean jarduteko. Herritarrak jarrera bat hartzera eta konponbidean parte izatera gonbidatu nahi ditugu, erantzukizun pertsonaletik eta kolektibotik abiatuta. Horrela bakarrik egin ahal izango baitugu aurrera jendarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko baterantz.

Orain arteko bideari jarraituz, etorkizunean ere, egiturazko indarkeria horri aurre egiteko zerbitzuak indartzen jarraituko dugu eta horretarako, konpromiso hauek hartzen ditugu:

  • Indarkeria matxistak jasan dituzten emakumeak eta haurrak artatzeko indarkeria matxisten aurkako plan integrala sortu eta garatzea.
  • Indarkeria matxistak jasan dituzten emakumeentzako Oarsoaldeko autolaguntza zerbitzua eskaintzen jarraitzea.
  • Aurten indartu dugun emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzua eskaintzen jarraitzea.
  • Indarkeria matxistaren aurkako udal-politiken jarraipena eta ebaluazioa egitea, hartutako konpromisoen betetze-maila, eskaintzen diren baliabideen eraginkortasuna eta hobekuntza-beharrak aldizka aztertuz.
  • Xanistebanetan erasoei aurre egiteko arreta puntua eskaintzea.
  • Euskal Herrian gertatzen diren erailketa matxista kasuetan, herriko mugimendu feministak egiten duen salaketarekin bat eginez, udal eraikina salaketa espazio gisa baliatzea, puntu lila balkoian jarriz.

Bukatzeko, egun honen bueltan antolatu diren ekimenetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritarrei.

Gehigarriak

Azaroaren 25a dela eta, bi udal taldeen adierazpen instituzionala