Elizalde herri eskola, 50 urte eta liburu bat

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

50 urte bete ditu aurten Elizalde herri eskolak eta hainbat ekitaldi antolatzen ari da urte guztian zehar. Egin berri du esanguratsuenetako bat: eskolaren 50 urteko historia eta memoria biltzen dituen 40 lekukotasunetik gorako “Iraganetik etorkizunera, herria hezten” liburuaren aurkezpena.

Udaletxeko areto nagusia jendez lepo beteta, aurkezpen-ekitaldian eskolako zein herriko eragileen emanaldi eta saio ugariz gozatzeko aukera izan da, mende erdiko ibilbidea ospatu eta komunitatearen lana aitortzeko. DBHko kazetaritza tailerreko ikasleek aurkeztu eta gidatuta, ekitaldian zehar eginiko guztiak liburuarekin konexio zuzena izan du: oholtzan ikusitako bertso, dantza, musika… emanaldi eta ekintza bakoitza argitalpenaren pasarteekin, istorioekin edota eskolaren balioekin estuki lotuta egon da. Horrez gain, liburuaren sorkuntzan parte hartu duten hainbat protagonista eta artikulu-egile ere elkarrizketatu dituzte DBHko ikasleek, beren bizipenak komunitatearekin partekatuz.

 “Iraganetik etorkizunera, herria hezten” liburuaren aurkezpen-ekitaldia hezkuntzaz hausnartzeko ere baliatu da. Mahai-inguru batean bildu dira Joxerra Bengoetxea EHUko errektorea eta Elizalde eskolako guraso ohia, Amaia Urzelai Hezkuntza Saileko Gipuzkoako ordezkaria eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkatea hezkuntzaren gaur egungo zein etorkizuneko erronkez jarduteko. Hezkuntza kalitatean zuzeneko eragina duten faktoreak izan dituzte hizpide, hala nola ikasgeletako ratioak, espazioen eta azpiegituren garrantzia, eta etorkizuneko herritarrak hezteko ezinbestekoak diren balio etikoak.

Oiartzungo Udalak eskerrak eman nahi dizkio Elizalde herri eskolari ekitaldira gonbidatu eta mahai-inguruan parte hartzeko aukera eskaini izanagatik.

Urte askoan, Elizalde herri eskola!

Gehigarriak

Elizalde herri eskola, 50 urte eta liburu bat