Udal musika eskola izango du Oiartzunek 2027-2028 ikasturtetik aurrera

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Hamarkada luzeetan Ibargain musika eskola izan da Oiartzunen musikaren irakaskuntzan jardun duen erakunde nagusia. Gazteek herriko ikastetxeetan ere ikasi ahal izan dituzte zenbait instrumentu, eta, horrez gain, azken urteetan, Soinueneak herri musika tresnen irakaskuntza gehitu dio lehendik zetorren eskaintzari.

Ibargain musika eskolako arduradunek, ordea, zentroa ixteko asmoa adierazi dute, eta Soinuenea Fundazioak ere museoan zein ikerketan zentratzeko nahia duela azaldu du. Horiek horrela, udalak bere egin du oiartzuarrentzat musika irakaskuntzako eskaintza berrantolatzeko ardura.

2025-2026 ikasturtean, udal musika eskola berria sortzeko lanak abiatu ziren. Hezkuntza proiektu berriaren oinarriak modu kolektiboan landu ziren, hain zuzen ere, Farapi kooperatibak bideratutako parte-hartze prozesu baten bidez. Musikaren munduan arituak eta adituak diren hamarnaka herritarrekin aritu da udala, orpoz orpo, hilabeteetan zehar, musika eskolaren zimenduak hausnartzen eta finkatzen. Besteak beste, Ibargain musika eskolako eta Soinueneako hainbat irakaslerekin. Musika eskola desberdinen ereduak aztertu dira eta musika eskolak arautzen dituen dekretuan oinarrituta proiektu pedagogikoa diseinatu da elkarlan horretatik.

2027-2028 ikasturteko eskaintza

Ibargain musika eskolak eta Soinuenearen herri musika eskolak azken urte luzeetan herriari egin dioten eskaintza izango du oinarri udal musika eskola berriarenak, hori hobetzen jarraitzeko anbizioz.

Oiartzungo udal musika eskolan solfeoa, kantua, pianoa, akordeoia, gitarra, gitarra elektrikoa, baxua, bibolina, biolontxeloa, klarinetea, zeharkako txirula, tronpeta, bonbardinoa eta bateria ikasteko aukera eskainiko da. Oiartzungo orain arteko ondareari eta tradizioari jarraiki, aipatutako horiei instrumentu herrikoiak jotzen ikasteko aukera gehituko zaie. Alboka, txalaparta, txistua, herri perkusioa eta xirolarrua jotzen ere ikasi ahal izango da udal musika eskola berrian.

2026-2027 ikasturtean egin beharrekoak

Ikasturte honetan Hezkuntza Sailaren baimena eskuratzeko prozesua amaitu beharko du udalak, ondoren irakasle taldea kontratatzeko lehiaketa gauzatuko da eta, azkenik, etorkizuneko musika eskola izango den eraikinaren kokapena eta antolaketa ere aztertuko ditu. Matrikulazio kanpaina udaberrian egingo da.

Eraikin berria izan bitartean, 2027-2028 ikasturtean, Elizalde herri eskolan, Haurtzaro ikastolan eta udalaren beste lokal batzuetan emango dira musika klaseak.

Eskerrak Ibargaini eta Soinueneari

Lerro hauen bitartez, udalak bihotzez eskertu nahi die bai Ibargain musika eskolari eta bai Soinueneari hainbeste urtetan musika irakaskuntzan egin duten lana, baita proiektu berria gauzatzeko egindako ekarpenak eta egitasmoan buru-belarri inplikatu izana ere. Oiartzungo kale eta auzoetan berriz ere musika zuzenean entzungo bada eta etorkizunean ere musikari oiartzuarrak plazetan eta antzokietan ikusiko badira, funtsezkoa izango da orain arte egindako lanari jarraipena ematea eta erreferentziazko udal musika eskola baten alde elkarrekin jardutea.

Gehigarriak

Udal musika eskola izango du Oiartzunek 2027-2028 ikasturtetik aurrera