Ikasketa gela berria du Oiartzunek Zamatetan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Irailaren 21ean irekiko ditu ateak Oiartzungo ikasketa gela berriak. Kontzejuerreka kalean dago, Esteban Muruetagoiena osasun zentroaren parean eta Zamateta etxearen etxabean. Azken horren izena hartu du: Zamateta ikasketa gela izango da.

Astelehenetik igandera egongo da irekita, 07:00etatik 22:00etara. 70m2ko espazio irekia da. 27 ikasketa plaza finko ditu eta gehiagorako lekua ere bai hala behar den momentu jakinetarako. Ikasketa gela batek eskaini beharreko erosotasun eta baliabideak eskura izango dituzte erabiltzaileek, argi naturala, komuna eta wifi-a, besteak beste. Ingurua ere berritu da, zerbitzua herritar denentzat irisgarria izan dadin eta deskantsu momentuak atseginak izan daitezen. Erabiltzen hasi ahala sortzen diren beharren eta doitzeen jarraipena egingo du udalak, eta erabiltzaileak ere, izango balituzte, ekarpenak egitera gonbidatzen ditu.

Ikasketa gela berria atontzeko obra lanek lauzpabost hilabeteko iraupena izan dute eta 215.500 euroko inbertsioa (BEZa barne) egin da horiek burutzeko.

Irailaren 30ean, Manuel Lekuona bibliotekako ikasketa gela itxi egingo da eta hortik aurrera Zamatetakoa izango dute erabiltzaileek beren zerbitzura. Hainbat eragilerekin eta herritarrekin elkarlanean hausnarketa eta parte-hartze prozesu bat eginda, Manuel Lekuona udal liburutegia eraldatzeko proiektua du Oiartzungo Udalak. Eraldaketa proiektu integrala da, liburutegia egungo garaietara egokitu nahi duena, eta proiektu horren baitan, ikasketa gela lekuz aldatzea hobetsi da.

Gehigarriak

Ikasketa gela berria du Oiartzunek Zamatetan