Joana Mendiburu (alkatea): “Oiartzunek ederki erantzun dio festari ere”

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Bukatu berri dira 2026ko Xanistebanak eta herriko jaien balorazio “oso ona” egin du udalak.

Xanistebanetan jai giro sanoa izan dela nagusi esan du Joana Mendiburu Garaiar alkateak, bai jai batzordeak gogoz zein mimoz antolatutako ekintza guztietan, baita kalean ere. Egunez zein gauez, goraipatzekoa da ekitaldi guztietan izan den antolakuntza eta koordinazio lan ona; eta herritarren zein eragileen parte-hartzea. Egitarauko ekintza eta hitzordu guztiak normaltasun osoz burutu dira.

Oiartzungo plaza eta kaleetan haur, gazte nahiz helduak ibili dira batera eta bestera. Une zoragarri eta hunkigarriak bizitu dira. Herriko jaiak topaleku izan dira, lagunak eta familiak elkartzeko aitzakia. “Azkar bizi garen gizarte honetan, denbora pixka batean gelditzeko aukera”.

Eraso matxistei eta arrazistei dagokienez ez da intzidentziarik jaso eta, alde horretatik, oso pozgarria da Xanistebanak genero eta jatorri guztietako pertsonentzako jai atseginak izan direla pentsatzea. Eragile ezberdinekin izandako elkarlanari esker, jaietan tratu ona eta poza izan dira nagusi eta ez da beharrezkoa izan herriko zenbait eragileren eta udalaren artean adostutako protokolorik martxan jartzea. 

Bestetik, aurten ere udalak neurriak hartu ditu garraio publikoa sustatzeko. Ohi denez, Xorrolaren gaueko zerbitzua eskaini da eta EkialdeBusek ere indartu du bere zerbitzua. Biek ala biek funtzionatu dute ongi.

Garbitasun eta higieneari dagokienez esan, azken urteetan txosnagunean eta plazan jarri diren komun moduluek harrera ona dutela. Hondakinak gutxitu zein birziklatzeko jarritako bitartekoak ere egokiak izan dira alkatearen hitzetan, “hondakinen auzian dena bada ere eskas, askoz gutxiago sortzen ez dugun artean. Badugu zer hobetua denok botiloien auzian”.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkie Mendiburuk festa hauetan lanean ibili diren udal langileei eta, bereziki, ekintza guztiak txukun antolatu eta posible egin dituzten herriko eragile eta boluntario guzti-guztiei. “Oiartzunek ederki erantzun dio festari ere; hala dagokionean festari ere erantzun behar baitzaio: fin-fin gozatuz, goxatuz eta disfrutatuz”.

Gora Xanistebanak! Gora herrietako jaiak!

Gehigarriak

Joana Mendiburu (alkatea): “Oiartzunek ederki erantzun dio festari ere”