Eraso matxisten prebentzio eta arretarako gunea egongo da Xanistebanetan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Indarkeria matxistarik gabeko Xanistebanak izatea lortu nahi du Oiartzungo Udalak, herritar denek gozatzeko modukoak. Horretarako martxan jarriko diren zerbitzuak aurkeztu dituzte Nora Velez del Burgo Zalakain feminismo zinegotziak eta Garazi Urdanpilleta Astibia alkateordeak.

Azken urteetan egin gisan, aurten ere izango da indarkeria matxisten aurrean informazioa eta arreta eskaintzeko gunea; Doneztebe plazan bertan, Fermiñene etxean. Prebentzioa landu eta kasurik egongo balitz biktimei behar duten laguntza guztia eskaintzeko prest egongo da gunea. Abuztuaren 1etik hasita, 23:00etatik 07:00etara egongo da irekita. Abuztuaren 2an, Xanisteban bezperan, 19:00etatik 07:00etara. Telefono arreta 24 orduz eskainiko da.

Zerbitzu more konfidentziala

Indarkeria matxistetan eta feminismoan adituak diren emakumezko profesionalek emango dute arreta.

Batetik, herritar ororentzako informazio orokorra emango dute feminismoari buruz, LGTBIQ+ eskubideen inguruan, sexualitateaz, autodefentsa feministaz… Bestetik, edozein zalantza dutenei argibideak eman, eta erasotuak entzun, babestu, eta dituzten beharren araberako gomendioak eta orientazioa eskainiko dizkiete. Guztiz konfidentziala izango da arreta eta uneoro errespetatuko da erasotuaren borondatea.

Komun publiko gehiago

Festarako espazio eroso eta garbia eskaini eta kaleak txukun mantentzeko, sei eta lau metroko modulu sanitarioak jarriko dira aurten ere txosnagunean eta Fermiñenen, hurrenez hurren. Argiztatuta egongo dira eta bi langilek gainbegiratuko dituzte, higienea, segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko.

Txosnagunekoa arratsaldetik goizaldera egongo da irekita, plazakoa eguerditik gaueko kontzertua bukatu bitartean.

24 orduz emango du zerbitzua Xorrolak

Aurten ere eskainiko da Xorrolaren gaueko zerbitzua Xanistebanetan. Abuztuaren 3tik 7ra zortzi auzoak lotuko ditu orduro, 00:00etatik 06:00etara. Asteburua tarteko abuztuaren 1etik 2rako gauean hainbat kontzertu antolatu direnez, gau horretan ere ibiliko da Xorrola auzoz auzo (lehen zerbitzua 01:00etan egingo du eta azkena 04:00etan).

Biblioteka ondoko autobus geltokitik atera eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenengo. Hau izango du ibilbidea:

  • Elizalde (irteera): biblioteka ondoko geltokia
  • Gurutze: Bizardia plazako autobus geltokia
  • Ergoien: Tornola kaleko autobus geltokia
  • Altzibar: Zokoloko zubia
  • Karrika: plazako autobus geltokia
  • Iturriotz: Beko Soro pareko autobus geltokia
  • Ibarre: gasolindegiko geltokia
  • Elizalde: Pikabeneko geltokia
  • Ugaldetxo: Intxixu pareko autobus geltokia
  • Arragua: Lartzabal etxadiko geltokia
  • Mendin: frontoi gaineko geltokia

Eguneko Xorrola ere egunero ibiliko da abuztuaren 3tik 7ra: ordu-erdiro, 07:10ean hasi eta 22:40ak arte (Arraguako ordutegia). Taxibus zerbitzua ere egunero egongo da, ohiko ordutegian.

Herriguneko zenbait kaletan trafikoa moztuta egongo denez, geltokietan aldaketak izango dira. Xanistebanetan ohikoak diren moldaketak egingo dira: Xorrola ez da pasako Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokietatik. Taxi geltokia bibliotekako autobus geltokiaren ondoan egongo da.

LurraldeBus-en E02 eta E72 eguneko zein gaueko lineak ere indartuko dira abuztuaren 1ean, 2an eta 6an. Abuztuaren 1etik (larunbata) 2rako (igandea) gauean, gaueko zerbitzuaren amaiera eguneko zerbitzuaren hasierarekin lotuko da, 05:30etik 08:05era.

Hondakinen bilketan aldaketak, hiriguneko kale batzuetan

Hondakinen bilketa ordutegian aldaketak izango dira Elizaldeko zenbait kaletan; festengatik itxita egoten den eremuko kaleetan, hain zuzen ere. Bilketa osoa goizean egingo da, 9:00etatik aurrera, eta beraz, ohikoan gauez uzten diren hondakinak 8:00etatik 9:00etara bitarte utzi beharko dira zintzilikatzekoetan. Abuztuaren 7 gauean itzuliko da zerbitzua ohiko ordutegira.

Ahal bezain hondakin gutxien sortzean eta ahal hainbat birziklatzean arreta jartzeko eskatu dute udal ordezkariek, “festak guztionak direlako, eta haiek uzten duten arrastoa ere bai”. Hondakinak prebenitzeko eta behar bezala birziklatzeko hainbat baliabide helarazten zaizkie udaletik auzoetako zein Xanistebanetako jai batzordeei. Antolatzaileen ardura ez ezik, herritar ororena ere bada hondakinena; eta arduraz jokatzeko deia egin dute udal ordezkariek. “Mantendu garbi kaleak eta guneak: ez bota ezer lurrera, arduratu zure hondakinez eta birzikla itzazu; eta ahal baduzu, gutxiago sortu. Egin ditzagun festak garbiagoak, atseginagoak eta jasangarriagoak guztion artean”, adierazi dute Velez del Burgo eta Urdampilletak.

Udal eraikinak itxita abuztuaren 3an

Xanisteban eguna izaki, abuztuaren 3an, astelehenean, udal eraikinak itxita egongo dira: udaletxea bera (udaltzaingoaren bulegoa izan ezik), Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoa, Fermiñene, Elorsoro kiroldegia, Manuel Lekuona biblioteka eta udako igerilekua, besteak beste.

Gehigarriak

Eraso matxisten prebentzio eta arretarako gunea egongo da Xanistebanetan