Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
Klima aldaketari eta beroaldiei aurre egiteko neurri gisa, Oiartzungo Udala hiriguneko babesgune klimatikoak identifikatzen eta haien mapa osatzen ari da. Aire zabaleko (basoak, parkeak…) zein eremu itxietako (udal eraikinak, zerbitzuak…) aterpe klimatikoekin ari da osatzen sarea, ahalik eta maparik zabalena egiteko helburuz. Elizalde, Arragua, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo auzoetan (populatuenak eta urbanizatuenak direlako) eta herritarrik zaurgarrienetan (adineko pertsonak, haurrak, arnas-gaixotasunak dituztenak, haurdun dauden emakumeak…) jartzen du fokua proiektuak.
Urtarriletik apirilera bitartean, proiektua definitu eta testuinguruan kokatzeko lanak egin dira. Oiartzungo auzoetako mapa termikoak ere egin dira, beroarekiko sentikorrenak diren puntuak identifikatzeko. Mapa termikoen emaitzak eskuan, maiatzean, aire libreko zein eremu itxietako babesgune klimatikoen banan-banako eta lekuan lekuko azterketak egin dira. Zerrenda eta mapa bat osatu dira hortik ateratako informazio eta datuekin.
Zerrenda eta mapa hori aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko bilera irekia egin zen pasa den ekainaren 29an. Orain, uda osoan zehar, herritarrek ekarpen gehiago egiteko aukera izango dute galdetegi honen bitartez. Herritarren ekarpenak jasota, udal ordezkari eta teknikariek egindako lana doituko dute, herriko babesguneen mapa osatu eta seinaleztatuko da, eta edonork edonoiz eskura izateko euskarriak eta bitartekoak sortuko dira. 2027ko udaberrian aurkeztuko da Oiartzungo babesgune klimatikoen sarea.
Egin Oiartzungo babesgune klimatikoen azterketaren gaineko ekarpenak
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika