Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
Oiartzunen indarguneetako bat dira naturaguneak eta gune berdeak. Herriko kaskoaren eta auzoetako hiriguneen bueltako gune berdeak bidegorriak konektatzen ditu, oinez zein bizikletaz iristeko eta batetik bestera joateko aukera eskainiz.
Atamitxeko bizikleta parkea da bidegorrira lotzen den kirol zein aisialdirako gune berde horietako bat. Orain 20 bat urte, udalak hura eraikitzeko lanak eta azpiegiturak (etxola, ura, bizikletak mantendu eta konpontzeko erremintak…) finantzatu zituen. Lekuonak adierazi duenez, “kudeaketa eta mantenurako zailtasunak izan dira, ordea” eta herriko zein eskualdeko eragileek ere ekitaldi jakinetarako bakarrik txukundu izan dute.
Udalak Atamitxeko bizikleta parkea dagoen orubearen (600m2) jabearekin hitzarmena sinatu zuen orain hilabete batzuk kudeaketa eta erabilerarako eskumena izateko, eta Oarsoaldeko Txirrindulari Eskolarekin (OTXE) gauza bera egin berri du bizikleta parkea garbitu eta berriz ere erabilgarri jartzeko, aisialdiko guneak zaindu eta aukera berriak sortzea oso egokitzat jota.
Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak Atamitxeko bizikleta parkea garbitu eta erabilgarri jartzeko proposamen xehea egin dio udalari eta udalak lan horiek finantzatzeko konpromisoa hartu du, “Atamitx bera erabilgarri jartzeaz gain, herriko beste puntu batzuetara ere onurak ekarriko ditu; Txarako basora, besteak beste, handik bizikletak aterata”, dio alkateordeak. 20.000€ jarriko ditu udalak Atamitx bizikleta parkea garbitu eta berriz erabilgarri uzteko. Lanak hasita daude: aurretiazko lur mugimenduak eta prestaketa lanak egiten ari dira eta parkea bera abuzturako prest egotea aurreikusten da.
Adin eta maila guztietako erabiltzaileentzako mendi bizikletaz ibiltzeko gunea
Atamitxeko bizikleta parke berriak erabiltzaile txikienentzako zirkuitu barruti bat, maila guztietako bizikletazaleentzako pump truck-a, maila ertaineko saltoen joan-etorri bat eta esan berri direnetan ikasitakoa praktikan jartzeko salto lerro bat izango ditu. Aurrerago salto lerro ofizial bat egin nahi da, Euskal Herriko lehena.
Mendiko bizikletarekin ibiltzeko parkea izango da, erabiltzaile txikienentzako zirkuitu barrutia zagor naturalezkoa izango baita; saltoen gunea, berriz, lurrezkoa. Euria egiten duenetan, zagor naturalezko lekuak erabilgarri egongo dira, lurrezkoak, aldiz, ez.
Parkera Atamitx (Ugaldetxo) aldetik sartuko da. Bizikletan ibiltzeko guneez gain, iturria, aterpea eta eserlekuak jarriko dira. Hala nahi duen orok izango du Atamitxeko bizikleta parkea erabiltzeko aukera, OTXE txirrindulari eskolak lehentasuna izango badu ere hala tokatzen denetan.
Atamitxeko bizikleta parkea, Txara biziberritzeko lehen pausoa
Lekuona alkateordeak esan bezala, Atamitxen egiten diren lanek beste gune batzuetara ere onurak ekarriko dituzte. Txarako basoak badu egokitzapen batzuk egiteko beharra, urteen joanagatik eta erabilera ez beti zuzenagatik. Atamitxeko bizikleta parke berriak lagunduko du biziberritze horretan lehen pausoa ematen: Txarak txirrinduan ibiltzeko leku izateari utziko dio, eskola kiroleko jardunaldiak eta txapelketak ere Atamitxen egingo dira.
Atamitxeko bizikleta parke berria egiten bukatu bezain pronto, erabilera zuzena gogoratu eta bultzatzeko informazio panelak jarriko dira Txarako gune ezberdinetan. Aurrerago beste egitasmo batzuk ere etorriko dira.
Aipatu baita ere, udalak herriko babesleku klimatikoen azterketa egin duela, eta lana aurkeztu eta ekarpenak jasotzeko bilera irekia egin berri dela. Herritarren ekarpenak jasota, udal ordezkari eta teknikariek egindako lana doituko dute, herriko babesguneen mapa osatu eta seinaleztatuko da, eta edonork edonoiz eskura izateko euskarriak eta bitartekoak sortuko dira. 2027ko udaberrian aurkeztuko da Oiartzungo babesgune klimatikoen sarea. Txarako parkea izango da herriko aterpe klimatiko nagusietako bat.
Amaitzeko, tartean boluntarioek osatzen duten herriko Ingurumen Taldeari eskerrak eman nahi izan dizkio Agustin Lekuona Irastorza alkateordeak herria txukun mantentzeko egiten dituzten ekimenen eta hobetze-proposamenengatik. “Zinez eskertzekoa den txingurri lana egiten dute, udala eta herritarren arteko elkarlanerako garrantzitsua eta funtsezkoa den lana”.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika