Ekainaren 28ko adierazpena egin dute bi udal taldeek

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

LGBTIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta adierazpen instituzionala adostu dute bi udal taldeek.

Alde ezberdinetatik datozen eraso LGBTIQ+fobikoen gorakada erabat errefusatu eta lanean irmo jarraitu behar dela adierazi dute EAJ eta EH Bilduko ordezkariek. Ospatzeaz eta aldarrikatzeaz gain, borrokan eta elkarlanean jarraitzea ezinbestekoa dela esan dute, “lorpenetan atzerapausorik ez egoteko eta eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko”. Euren kasuan, instituzioetatik, “anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da; eta horretan saiatzen ari gara”.  

LGBTIQ+ mugimenduaz harro daudela esanez eta LGBTIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak emanez, ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak udal ordezkariek.

Hemen bi udal taldeen adierazpen instituzionala.

 


Ekainak 28: LGBTIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna

Gaurko eguna baliatu nahi dugu gure bizitzez, gure bizi historiaz eta LGBTIQ+ mugimenduaz harro gaudela esateko.

Eraso LGBTIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira, eta ondorioz, gure bizitzak arriskuan daude.

Gorroto-diskurtsoek, komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek zis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzte pertsonen duintasuna, askatasuna eta giza eskubideak zalantzan jarriz.

Hori horrela, garrantzitsua da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea eta LGBTIQ+fobiarik gabeko herri baten alde borrokatzen jarraitzea, zeinetan pertsona guztiak askatasunez, duintasunez eta beldurrik gabe bizi ahalko diren.

Kolektiboek eta norbanakoek urteetan zehar egindako lanari esker lorpen handiak egon dira. Orain elkarlanean eta konpromisoz aurrera egiten jarraitzea ezinbestekoa dugu, lorpenetan atzerapausorik ez egoteko eta eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko.

Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… lantzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da.

Horretan ari gara gobernatzen ari garen hainbat udaletan, eta hori sustatuko dugu oposizioan gauden esparru guztietan ere.

Horren adibide da, Oiartzungo Udalak apirilean LGBTIQ+ pertsona, familia eta eragileentzat arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzua eskaini izana, Berdindu Ibiltariaren bidez.

Era berean, dei egiten dugu ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera, eta bukatzeko, LGBTIQ+ pertsonen bizitzak egunerokotasunean bizigarriak izateko lanean eta borrokan ari diren kide eta kolektibo guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, guztiak zoriondu nahi ditugu, harrotzeko moduko mugimendua osatzeko ezinbestekoak direlako.

Gure bizitzek balio dutelako, gora ekainaren 28a!

Gehigarriak

Ekainaren 28ko adierazpena egin dute bi udal taldeek