Beroaldiei aurre egiten laguntzeko, hiriguneko babesgune klimatikoen azterketa egin da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Klima aldaketak erronka handiak dakartza hiri, herri eta herritarrentzat. Hiriguneak tenperaturaren igoerara, bero boladetara eta muturreko beste fenomeno batzuen ondorioetara egokitzea ezinbestekoa da, eta azpiegitura berde-urdinak eta babesleku klimatikoak identifikatu eta egokitzea irtenbide berritzailea eta jasangarria da. Izan ere, hiritartutako eremuetan aireztapen naturala eta beraz, freskotasuna sortzeaz gain, bioaniztasuna areagotzen laguntzen dute.

Oiartzungo Udala hiriguneko babesgune klimatikoak identifikatzen eta haien mapa osatzen ari da. Aire zabaleko (basoak, parkeak…) zein eremu itxietako (udal eraikinak, zerbitzuak…) aterpe klimatikoekin ari da osatzen sarea, ahalik eta maparik zabalena egiteko helburuz.

Elizalde, Arragua, Altzibar, Iturriotz eta Ugaldetxo auzoetan jartzen du fokua proiektuak. Herritar zein gune zaurgarrienetan jarri da azpimarra. Adineko pertsonak, haurrak, arnas-gaixotasunak dituztenak, haurdun dauden emakumeak… dira herritarrik zaurgarrienak. Ingururik zaurgarrienak, berriz, hiritartutako auzuneak; eta bertan bizi dira herritar gehienak. Landa, mendi eta baso eremu zabalak dituzten auzuneetan zuhaitz, berdegune zein ibai eta errekek tenperatura jasangarriagoak bermatzen dituzte. Oiartzungo kasuan, Gurutze, Ergoien eta Karrika dira ezaugarri horiek dituzten auzoak, eta beraz, ez dira egitasmoaren lan-esparru bere horretan. Proiektua hiri-eremura mugatzen bada ere, herritarrek gehien erabiltzen dituzten errekak eta horietako puntu esanguratsuenak ere biltzen ditu azterketak.

Proiektu honek garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten toki erakundeak laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren dirulaguntza jaso du. Inbertsioaren %80a finantzatuko da laguntzarekin (16.564 €tik 13.251 €).

Proiektua, azken fasean

Urtarriletik apirilera bitartean, proiektua definitu eta testuinguruan kokatzeko lanak egin dira. Europako zein EAEko klimaren egokitzapenerako estrategiak eta legedia aztertu dira. Ildo beretik, orain urte eta erdi onartu zen Oiartzungo Klima eta Energia Jasangarriaren Tokiko Planak ere zehazten du bide honetan pausoak nola eman.

Oiartzungo auzoetako mapa termikoak ere egin dira, beroarekiko sentikorrenak diren puntuak identifikatzen dituzten mapak, hain zuzen ere. Urteko tenperatura altueneko egunen batezbestekoa aztertu da auzo bakoitzean eremu beroenak eta freskoenak zeintzuk diren antzemateko. Auzorik sentikorrena Arragua da bere hirigintza-ezaugarriengatik (asfaltozko plazak, zuhaitz-estaldura gutxiko guneak…). Iturriotz, berriz, bero boladei aurre egiteko azpiegitura egokienak dituena da, aztertu direnen artean.

Mapa termikoen emaitzak eskuan, maiatzean, aire libreko zein eremu itxietako babesgune klimatikoen banan-banako eta lekuan lekuko azterketak egin dira. Zerrenda eta mapa bat osatu dira hortik ateratako informazio eta datuekin, eta lehen eta bigarren faseko babesguneak definitu dira. Izan ere, aztertutako gune batzuk babesguneak izan daitezke bere horretan. Beste batzuek, aldiz, potentziala badute, baina hobekuntzak behar dituzte etorkizunean babesleku klimatiko izateko.

Lehen faseko 15 babesgune daude. Tartean, besteak beste, Txara, Hipatia, Bekosoro eta Ibargaingo parkeak, Arraguako frontoia, eta Arizmendienea, Landetxe zein Altzibar eta Ugaldetxoko auzo lokalak daude. Bigarren faseko babesgune gisa katalogatu dira aterpe klimatiko izateko hobekuntzak behar dituzten beste 14 gune.

Ekainak 29: aurkezpen-bilera irekia

Orain arte egindako lana azaldu eta ekarpenak jasotzeko, aurkezpen-bilera irekia egingo da ekainaren 29an Arizmendienean, 18:00etan. Herritar oro gonbidatu nahi da parte hartzera; eta bereziki, beroaldiek gogorren jotzen dituzten pertsona zaurgarriak: adineko pertsonak, haurrak, arnas-gaixotasunak dituztenak edota haurdun dauden emakumeak.

Herritarren ekarpenak jasota, udal ordezkari eta teknikariek egindako lana doituko dute, herriko babesguneen mapa osatu eta seinaleztatuko da, eta edonork edonoiz eskura izateko euskarriak eta bitartekoak sortuko dira. 2027ko udaberrian aurkeztuko da Oiartzungo babesgune klimatikoen sarea.

Argazkia: Ander Santesteban Urrate (udaleko ingurumen teknikaria) eta Joana Mendiburu Garaiar (alkatea)

Gehigarriak

Beroaldiei aurre egiten laguntzeko, hiriguneko babesgune klimatikoen azterketa egin da