Etxebizitza tasatuen urteko bigarren zozketa uztailean egingo da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Oiartzungo Udalaren etxebizitza plan integralaren parte da etxebizitza tasatuen kudeaketa eta salerosketa, izan etxebizitza horiek berriak edo bigarren eskukoak. Neurri horrekin etxebizitza tasatu guztiak legez dagokien prezioan saltzea bermatu nahi da.

Zozketak hiru hilero egiten dira. Uztailekoa urteko bigarrena izango da eta etxebizitza bat zozkatuko da: Elizalde auzoan dago, gela bat du eta bigarren eskukoa da. Ez du garaje eta trastelekurik. Behin-behineko prezioa 137.750 € dira (BEZik gabe).

 

ETXEBIZITZA TASATUEN URTEKO 2. ZOZKETA

Izen-ematea

HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan, egoitza elektronikotik edo inprimaki hau betez eman behar da izena.

Etxebizitza tasatuen eskatzaileen erregistroan baldintzak betetzen dituen edonork eman dezake izena edonoiz. Uztaileko zozketan parte hartu nahi dutenek ekainaren 29ra arteko epea dute izena emateko.

Parte-hartzaileak

Etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroan izena emanda egon eta beren lehentasunek (auzoa, logela-kopurua) zozkatuko den etxebizitzaren ezaugarriekin bat egiten dutenek hartuko dute parte.

Epeak

  • Ekainak 29: izen-ematea
  • Ekainak 30: behin-behineko zerrenda (oiartzun.eus)
  • Uztailak 10: alegazioak eta lehentasun aldaketak
  • Uztailak 20: behin betiko zerrenda (oiartzun.eus)
  • Uztailak 29: zozketa (Landetxe Kultur Aretoa | 10:00)
  • Uztailak 29: zozketaren emaitza eta itxarote-zerrendaren hurrenkera (oiartzun.eus)

 

Joana Mendiburu: “Badago beharra eta udala bere esku dagoena egiten ari da”

Udalaren sei puntuko etxebizitza plan integralaren parte da etxebizitza tasatu guztien (izan berriak edo bigarren eskukoak) salerosketaren eskumena berea izatea. “Udalak denbora luzea darama etxebizitzaren gaia lantzen, estrategia bat trazatzen, eta halako erabakiak eta neurriak hartzen. Gure esku dauden eskumen guztiez baliatzen ari gara desio den etorkizuneko Oiartzun irudikatu eta herritarren beharretara ahal hainbat egokituko den etxebizitza plan integrala izateko”, adierazi du Joana Mendiburu Garaiar alkateak.

Bigarren eskuko etxebizitza tasatuen salerosketa udalaren eskumenekoa izatea ezinbestekoa da Mendibururen hitzetan “espekulazioari trabak jartzeko, herritar zaurgarrienak babesteko eta etxebizitza bizileku gisa lehenesteko”. Udalak eskumen hori bere eginez geroztiko bigarren zozketa izango da uztailekoa eta lehenaren balorazio positiboa egin du alkateak: “Apirileko zozketaren berri eman zenez geroztik, etxebizitza tasatuen eskatzaileen udal erregistroko izen-emateek ia %20 egin dute gora. Orduko eskatzaile guztien artetik, 188 familia-unitatek hartu zuten parte apirileko zozketan; beren lehentasunek zozkatu ziren bi etxebizitzen ezaugarriekin bat egiten zutenek”. Mendibururen iritziz, horrek adierazten du badagoela beharra eta udala bere esku dagoen guztia egiten ari da: “gogor lanean eta ahal bezain fin erantzuten”.

Gehigarriak

Etxebizitza tasatuen urteko bigarren zozketa uztailean egingo da