Arguedasko emakumearen hilketa matxista salatu du Oiartzungo Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Gizonezko batek 44 urteko bikotekidea, 8 urteko haur baten ama, hil du Arguedasen (Nafarroa). Foruzaingoaren aginte eta koordinazio zentroak biktimaren senide baten bidez izan zuen atzo jazoeraren berri. Hiltzaileak bere burua entregatu eta gertaerak aitortu zituen Valtierrako Guardia Zibilaren egoitzan.

Euskal Herrian aurten gertatu den laugarren hilketa matxista da Arguedaskoa. Otsailaren 20an 30 urteko gizon bat atxilotu zuten Sarrigurenen, emaztea hil eta haren ama larri zauritzeagatik. Apirilaren 3an beste gizon bat atxilotu zuten Basaurin bikotekidearen heriotzagatik, eta apirilaren 12an gizon bat atxilotu zuten urruntze-agindua urratzeagatik, emakume bat Iruñeko etxebizitza batetik behera erori ondoren. Gainera, Irungo emakume bat hil zuten Zaragozan. 2003az geroztik, 136 emakume eta hamahiru haur hil dituzte gizonek Euskal Herrian, horietatik 27 Nafarroan.

Oiartzungo Udalak hilketa matxista gogor gaitzetsi eta gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du.

Elkarretaratzea, bihar

Oiartzunen bihar, maiatzak 20, egingo da hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea, 17:45ean Done Eztebe plazan, Oiartzungo Asanblada Feministak deituta; eta udalak bat egin du deialdiarekin. Herritarrak ere gonbidatzen ditu euren gaitzespena adieraztera. Indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarrita dago udaletxeko balkoian.

Gaur eta bihar elkarretaratzeak izango dira Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan.

Gehigarriak

Arguedasko emakumearen hilketa matxista salatu du Oiartzungo Udalak