Esnatu Oiartzun herri batzarra, euskararen larrialdiari erantzuteko pauso bat gehiago

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Oiartzungo euskalgintzak, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea), beste hainbat eragilek eta udalak Esnatu Oiartzun herri batzarra egingo dute, euskara bizitzen ari den larrialdi linguistikoari erantzuteko pauso bat gehiago. Batzar irekia izango da, hala nahi duen herritar edota eragile oro dago bertan parte hartzera gonbidatuta. Udaletxeko areto nagusian egingo da, maiatzaren 23an, 10:00etatik 13:00etara.

Euskal Herrian, eskualdean zein Oiartzunen bertan euskararen larrialdi linguistikoari aurre egiteko hainbat ekimen, proiektu eta dinamika antolatzen ari da euskalgintza. KORRIKA pasa berria da, Euskalgintzaren Kontseiluak abenduan Pizkundea Bilbon eta ekainean Euskaltzaleon Martxa Iruñean antolatu ditu, eta UEMAk, besteak beste, egoerari aurre egiteko lurralde estrategia landua du. Horrekin ez da nahikoa, ordea. Hizkuntza-politika berezitu eta aurrerakoiez eta euskalgintzaren lanaz gain, ezinbestekoa da herriko norbanako, elkarte eta taldeak ere informatu, ahaldundu, kontzientziatu eta aktibatzea.

Horretarako egingo da hilaren 23ko Esnatu Oiartzun herri batzarra: euskararen azken hamarkadetako eta etorkizuneko eboluzioa azaltzeko, Euskal Herriko eta Oiartzungo euskalgintza lanean zertan dabilen aurkezteko eta “Guretik zer egin dezakegu?” dinamikan parte hartzeko.

Azterketa soziolinguistikoek aurreikusten dituzten galeren artean bat da hamar urtean euskararen arnasguneak desagertzeko arriskua. Oiartzun udalerri euskalduna da, garrantzitsua, beraz, euskararen biziraupenerako eta garrantzitsua, nola ez, etorkizuneko Oiartzunentzako. Hortaz, inportantea da herriko norbanako eta eragileak maiatzaren 23ko Oiartzun Esnatu herri batzarrean izatea. KORRIKAren mezuaren idazleek haren amaieran Bilbon esan zuten bezala, “Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz. Bazatoz?”

Euskara, indarberritze arotik geldotze arora

Aro ezberdinak izan ditu euskararen biziberritzeak. 2000. urtera arte iraun duen 25 urteko indarberritze fasea amaitu da eta ordutik hona geldotze aroan da euskara, UEMAko ikerketa arduraduna den Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren azterketaren ondorioak argiak dira. Etorkizunera begira, galeraren atarian dago euskara, aldaketa demografikoek, arnasguneen ahultzeak eta belaunaldi berrietan ematen ari diren atzerapausoek erakusten dutenez. Bidegurutzean, larrialdian dago euskara; ezer egin ezean, galbidean. Esnatzeko garaia da.

Gehigarriak

Esnatu Oiartzun herri batzarra, euskararen larrialdiari erantzuteko pauso bat gehiago