Zabalik da Oarsoaldeko udako kirol jarduera anitzetan izena emateko epea

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo Udalek elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2026 Kirol Kanpaina, hamazazpigarren urtez jarraian. Urtero bezala, 3 eta urteko haur eta gazteentzako eskaintza da. 16 urtetik gorakoentzako ere badira jarduera batzuk.

Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea. Bestalde, kirola ere euskaraz egiteak duen garrantzia azpimarratu nahi da. Zentzu horretan, Oarsoaldeko udako kirol jarduera anitzak euskaraz egiteko aukera bermatuta dago 3 - 16 urte artekoentzat.

Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza eskuorri bakarrean jaso da, aurreko urteetako formatu berean. Izan ere, askoz ere eraginkorragoa da informazio guztia modu honetan jasotzea, herritarrek eskaintza guztia begirada bakarrean bistaratzen dutelako. Eskuorrian lau udalerrietan eskaintzen diren jarduerak jaso dira. 

Jarduera aniztasuna

Aurreko urteetan martxan jarritako eta gure eskualdean hain ohiko ez diren hainbat jarduera, paddel surf, MTB (txirrindularitza mendian)… besteak beste, eskaintzen jarraituko dute udalek. Udan antolatzen den ekimena izanik, azken urteetan, indarra eman nahi izan zaie itsasoarekin zerikusia duten jarduerei. Aurten ere piraguismoa, arrauna eta paddel surf ekintzak egiteko aukera izango dira.

2030 Agendarekin bat eginez kirola egitearen onurak

Urtean zehar zein udan kirola egiteak osasun fisikoa eta emozionala hobetzen ditu, bizi-ohitura osasungarriak sustatzen ditu, bizikidetza indartzen du eta ahalegina, berdintasuna eta talde-lana bezalako balioak bultzatzen ditu. Gainera, ibaiak edo mendiak bezalako ingurune naturalez gozatzeko eta zaintzeko aukera ematen du. Jarduera horiek 2030 Agendarekin ere bat datoz, bereziki osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, hiri eta komunitate jasangarriak, klimaren aldeko ekintza eta erakundeen arteko lankidetza sustatzen dituzten helburuekin.