Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
Maiatza iritsi da eta harekin batera hasiko da herriko auzoetako festa-garaia. Arraguako jaiekin hasi eta irailaren amaieran Ugaldetxokoekin bukatu bitartean, auzo guztietan egingo dira jaiak. Aurten, Arraguakoak maiatzaren 22tik 24rako asteburuan izango dira.
Egutegian jada lekua egina duten hainbat hitzorduk ere ez dute kale egingo: Atsolorra (aurreko urtean jaiotako haurrei ongietorri-jaia), Sagardo Eguna eta ikasturte amaierako eskolaz kanpoko ekintzetako zein helduen tailerretako emanaldiez gozatzeko aukera izango da datozen asteetan.
Elizalde eskola bere 50. urteurrena ospatzen ari da eta maiatzerako hiru hitzordu antolatu dituzte: urteroko Elizalde Egunaz gain, “Etorkizunari begira” erakusketa eta “Eskubaloia plazara” jardunaldia.
Musikazaleentzako Oiartzuarock jaialdia, sehaska kanten tailerra eta Kantagiltzako bi emanaldi izango dira: Alaitz eta Maider eta Ruper Ordorika eta Sarriren “Zai Zoi Ele”. Hiru liburu-aurkezpen ere izango dira maiatzean, baita bertso-saio bat ere. Aner Peritz, Amets Arzalluz, Joanes Ilarregi, Nerea Ibarzabal eta Kattalin Arabolaza oiartzuarra izango dira oholtza gainean kantari.
Landetxen, besteak beste, launa antzerki-obra eta film ikusteko aukera izango da. Antton Telleriaren “Ninini” bakarrizketa arrakastatsua hilaren 15ean iritsiko da herrira.
Esandakoez gain, Sarek Etxera eguna antolatu du, eta Labore Oarson bigarren arropa truke azoka eta gure monetaren aurkezpena egingo dira. Aire libreko ekitaldiak atsegin dituenak apunta bitza bere agendan Munuandiko erromeria, Arkaleko plater-tiraketa eta Luberri museoak Errioxara antolatu duen irteera geologikoa. Saio praktikoagoak nahi dituenak emergentziei aurre egiteko ikastaroa eta doluaz zein heriotzaz hitz egiteko jardunaldia izango ditu. Hilero bezala, haurrek, gaztetxoek eta erretiratuek ere izango dute zertaz gozatua hilabete guztian zehar, Abaraxka udal ludotekaren, udal Topalekuaren, eta Abittu, Petra Lekuona, Zaintzadi eta erretiratuen elkartearen eskutik.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika