Gune estalia izango du Altzibarrek Olalden

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Altzibarko gune estali berria eraikitzeko lanak hasi berriak dira. Garazi Urdampilleta Astibia alkateordeak adierazi duenez, “aterpeko espazio baten premiaren jakitun, 2024an idatzi zen proiektua eta oraintxe hasi dira exekuzio lanak”. Ingurua hesituta dago eta hondeamakinak lehen lur-mugimenduak eta zimentazioak egiten ari dira.

300m2ko erabilera anitzeko gune estalia eraikiko da Olalde etxadiaren atzealdeko zelaian, Altzibar eta Karrika lotzen dituen bidegorriaren alboan. Komuna izango du, baita 2000m2ko berdegune urbanizatua ere inguruan. “Gune berdean eserlekuak, oinezkoen pasabideak, bizikletentzako aparkalekuak eta garbitzeko puntua, eta hormigoizko mahai borobil handi bat eta haren bueltako aulkiak jarriko dira”, zehaztu du Urdampilletak. Egungo zuhaitzik gehienak mantendu egingo dira (batzuk, halabeharrez, lekuz mugituta) eta berriak ere jarriko dira.

Obra-lanak urtebeteren buruan bukatzea aurreikusten da. Bien bitartean, eremua itxita egongo da. Kamioien eta obrako gainontzeko ibilgailuen joan-etorriagatik, hala dagokion errepide zatia eta bidegorria ere itxiko dira momentu jakinetan. Alkateordeak azpimarratu nahi izan du ezinbestekoa denetan eta ahalik eta denbora tarte laburrenean soilik itxiko direla bideak, herritarren joan-etorriak ahal bezain gutxien oztopatzeko.

Altzibarko gune estalia eraikitzeko lanek 1.300.000 €ko aurrekontua izango dute. Inbertsioaren %40a Europak finantzatuko du, Udalak Europako Garapen Eskualdeko Funtsetik (FEDER-EDIL) lortutako dirulaguntzari esker.

Herriko aisialdi eta kirol azpiegituren eskaintza, gero eta zabalagoa

Ugaldetxoko futbol zelai berritua eta Altzibarko gune estali berria legealdian landu eta garatutako bi proiektu dira, “Oiartzungo kirol eta aisialdi azpiegiturak osatuko dituzten bi proiektu”.

Epe laburreko hurrengo proiektuak izango dira herriko haur parke bat estaltzea, Elizalde herri ikastetxeko jolas eremua berritzea, bidegorriko lotura berriak egiten jarraitzea eta OTXE kirol elkartearekin elkarlanean Atamitxeko bizikletentzako gunea berrantontzea.

“Izan ere, kirolerako eta aisialdirako guneak espazio oso erabilgarriak dira, ekintza eta erabilera anitzetarako aproposak zein elkargune errazak. Herritarren ongizaterako pieza eta kohesiorako plaza” esanez amaitu du Urdampilletak.

Gehigarriak

Gune estalia izango du Altzibarrek Olalden