Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
Elizalde herri eskolaren beharrei erantzuteko asmoz, Oiartzungo Udalak ikastetxea erabat eraberritzeko aurreproiektua landu zuen 2025eko udan eskola-komunitateko kideekin elkarlanean: Elizalde Life Berri. 6 urteko lanak eta 5 milioi euroko aurrekontua aurreikusita, udalak txostena Europako Life programaren dirulaguntza deialdira aurkeztu zuen eta orain iritsi da ebazpena: Elizalde Life Berri proiektuak ez du lortu eskatutako Europako dirulaguntza.
Ebazpenak dio proiektuak sakonagoa izan behar duela, xeheagoa. “Ez da erabateko ezetza, hurrengo deialdietara aurkezteko aukera egon badago”, azpimarratu nahi izan du Joana Mendiburu Garaiar alkateak. “Momentuz nahikoa izan ez bada ere, lan handia egin da komunitateko kideekin elkarlanean etorkizuneko Elizalde herri eskola irudikatzen. Etorkizunean HHtik DBHra arteko ikasgela eta espazioak behar eta metodologia pedagogiko berrietara egokitzeko eta eraikina energia ikuspegitik jasangarriagoa izateko proiektua lantzen lan handia egin da”, balorean jarri nahi izan du alkateak. “Horiek dira Elizalde eskolaren, bertako ia 500 ikasleen eta euren familien beharrak”. Bidenabar, eskerrak eman nahi izan dizkie Mendiburuk eskolako komunitateko kideei elkarlanerako jarreragatik.
Lanketa lideratzeko eskaera Hezkuntza Sailari
Esanak esan, Oiartzungo Udalak lanketa gidatzeko eskatuko dio Hezkuntza Sailari, berea baita hezkuntzaren konpetentzia “eta beraz, gisa honetako gaien arrakastaren giltza”. Hezkuntza-konpetentzia Eusko Jaurlaritzarena den arren, beharra eta nahia ikusita hartu zuen ekimena udalak udan. Hasieratik partekatu da proiektu osoa Hezkuntza Sailarekin, baina dirulaguntza-deialdira udala bakarrik aurkeztu zen. Lanaren oinarria jarrita dago. “Ezezko honen ondoren, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu proiektua bere egiteko, eta dagokion konpetentzia zein ahalmenetik etorkizuneko pausoak gidatzeko”, hala adieraziko die alkateak bihar, martxoak 10, herri eskola bisitatzera etorriko diren legebiltzarkideei zein Hezkuntza Saileko arduradun eta ordezkariei.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika