Martxoaren 8a dela eta, bi udal taldeen adierazpen instituzionala

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo Udaleko EH Bildu eta EAJ taldeek. Martxoaren 8ko ospakizun eta mobilizazioekin bat egin eta herritarrak ere horretara gonbidatzeaz gain, hainbat konpromiso hartu dituzte emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasun erreala lortzeko.

Hemen onartu duten adierazpen instituzionala:

 


Martxoak 8: Emakumeen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.

Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.

Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala, mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxisten existentzia deslegitimatzea bilatzen dute. Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu.

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko.

Horrez gain, azpimarratu nahi dugu emakumeen eskubideak mundu osoan defendatu behar diren giza eskubide unibertsalak direla, eta edozein ideologia, erregimen edo diskurtso politikok urratzen dituenean irmoki gaitzetsi behar direla.

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxisten biktimak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxistak desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Martxoaren 8an, euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta atzera pausorik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Horregatik, Oiartzungo Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Indarkeria matxisten kontrako plana garatzea, tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzeko urratsak emateko helburuaz.
  • Emakumeen ahalduntzea sustatzen duten sexu aholkularitza zerbitzua eta emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko apustuari eustea.
  • Burujabetzen prozesuan, zaintza mahaiarekin aurrera egitea. Ikuspegi feministatik herriko egoeraren diagnostikoa egiten ari gara, zaintza arloan dauden ahulgune eta indarguneak identifikatzeko.
  • Eskualde mailan indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko autolaguntza zerbitzua eskaintzen jarraitzea.
  • Berdintasun planean jasotako neurriak garatzen jarraitzea. Aurten, adibidez, Xanistebanetako omenduak aukeratzeko prozeduran berdintasun-irizpideak txertatuz.
  • Udal-politiketan genero-zeharkakotasunetik lanean jarraitzea.
  • Herriko elkarte feministak sustatzen jarraitzea.
  • Berdinsarea udalen arteko gunean parte hartzea.

Horrez gain, herriko mugimendu feministak herrian egingo dituen ekimen eta mobilizazioak babestu eta horietan parte hartzeko deia egiten diegu herritarrei.

Gehigarriak

Martxoaren 8a dela eta, bi udal taldeen adierazpen instituzionala