Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
Herritarrei udalarekin harremanetan jartzeko aukera zuzen, eroso eta zabala emateko bidean, pauso bat gehiago dira 010 eta 092 telefono zenbaki gogora-errazak; Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoarekin eta udaltzaingoarekin zuzenean harremanetan jartzeko bi telefono zenbaki gehiago, hurrenez hurren.
“Gogoan hartzeko erraza den telefono-zenbaki baten bitartez, dei batekin eta herrian zauden tokian zaudela, kontsultak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera eskaintzean datza zerbitzua”, halaxe adierazi du Garazi Urdanpilleta alkateordeak. Herritarrei zerbitzu eroso, azkar, zuzen eta gertukoa eskaintzean, hain zuzen ere. 010aren bitartez udal informazioa jaso eta galdera praktikoak argitzeko aukera ematen da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era. 092ra deituta udaltzaingoarekin kudeatu beharreko eguneroko afera eta jazoerak zein larrialdiak bidera daitezke, 24 orduz asteko zazpi egunetan.
Udalerriaren barrutik deitzeko balio dute 010 eta 092 telefono zenbakiek, kanpotik deitzeko ohiko zenbakiak erabili behar dira (943 49 01 42 herritarren arreta zerbitzuko bulegoarekin hitz egiteko eta 943 49 33 11, berriz, udaltzaingora hots egiteko). 010 eta 092 telefono zenbakiak doakoak dira herritarrentzat, udalak hartzen du bere gain dei horien kostua.
Pauso bat gehiago zerbitzu publiko hurbilago eta eraginkorrago baterantz
Udalaren zeregin eta helburu dira herritarrengandik gertu egotea eta haiei zuzeneko arreta gero eta hobea eskaintzea, eskura dauden bide eta teknologiak erabiliz.
Urdanpilletak adierazi duenez, “azken bizpahiru urteetan, Udaletik ahalegin berezia egin dugu barne funtzionamendua berritzen, herritarrei zerbitzu bateratuagoa, eta beraz, eraginkorragoa eskaini ahal izateko. Orain urte erdia ireki zen Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoa da horren adibide garbia, eta horren atzetik eta hura indartzera datoz, 010 eta 092 telefono-zenbakiak Oiartzunera”.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika