Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus
Kontxa Murgia Egaña gogoan izan zuten larunbatean, urtarrilaren 31n, bere jaiotetxea izan zen Manuel Lekuona bibliotekan. Orain herriko liburutegia den eraikinean jaio zen Manuel Martinez Murgia Galiziako abertzaletasunaren aitzindariaren ama, 1806ko urtarrilaren 29an.
2000. urtean jarri zuten Kontxa Murgia Egaña bibliotekan jaio zela gogoan duen plaka eta ordutik, hutsik egin gabe, urtero-urtero lore-eskaintza eta omenaldia egin diote Udalak, Fato Cultural Daniel Castelaok eta hamarnaka herritarrek.
Eguraldi txarrak eragotzi bazuen ere udaletxetik bibliotekarako bidea gaitero eta txistulariekin egitea, goxoa eta gertua izan zen bibliotekaren altzoan egindako omenaldia. Liburutegian den Kontxa Murgia Egañaren omenezko plakaren ondoan lore sorta jarri ondoren, Joana Mendiburu Garaiar alkateak hartu zuen hitza munduaren gaur egungo egoera traketsa gogoratuz eta aipatuz, “orain are gehiago, garrantzitsua da estaturik gabeko bi nazio txiki hauek elkartzeko guneak sortzea. Agian ez diegu behar besteko garrantzirik ematen horrelakoei. Pentsarazten digute herrialde handiak bakarrik direla inporta dutenak, eta guk gure txikitik ezer gutxi egin dezakegula. Baina hori badakigu ez dela horrela, nahiz eta hori sinestarazi nahi izan”. “Txikiak gara, bai, mundua aldatzeko”, jarraitu zuen Mendiburuk, “baina bakarrik gara txikiak. Elkartuta ez gara hain txikiak”. “Gure txikian asmatu dugu; hemen gaude eta bagabiltza”.
Fatoren izenean Xose Estevezek hitz egin zuen ekitaldian. Alkateari eskerrak emanda, “nazio txikiak inperio handiak ematen ari ez diren etsenplua ematen ari gara” adierazi zuen. “Senecak hala esan zuen orain 2000 urte: ‘inork ez du maite bere aberria handia delako, bere aberria delako baizik’. Xabier Amurizaren olerki bat ere ekarri zuen Estevezek larunbateko ekitaldira, Euskal Herrian galiziarrek dituzten erroak azaltzeko: “Galizian sustraiak, adarrak Euskadin. Zuhaitz bikainagorik ez zitekeen egin”.
Estevezek galegoaren gainean egindako gogoeta amaituta, otordutxoa egin zuten Manuel Lekuona bibliotekan bildutakoek ekitaldiarekin bukatzeko.
2026 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika