Udalak baieztatu du ez duela kontraturik Israelekin loturarik duten enpresekin

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo Udalak atzoko udalbatzarrean azaldu zuen ez duela inongo harremanik ez Israelekin ez harekin lotura izan dezaketen enpresekin, EAJk gai honi buruz egindako galderei erantzunez.

EH Bilduk urrian iragarri zuen harreman ekonomikoak, komertzialak,  diplomatikoak eta politikoak etengo zituela Israelekin, eta “gardentasun instituzionalaren izenean”, jeltzaleek eskatu zuten argitzea ea Udalak izan duen orain arte “Israelekin edo harekin loturak dituzten enpresekin edozein motatako harreman instituzional, ekonomiko edo komertzialik, eta, egon bada, zein data eta modutan gauzatu diren adieraztea.”

Joana Mendiburu alkateak azaldu zuen EH Bilduren adierazpenaren ondoren kontratazio teknikariak eta udal idazkariak udalak dituen kontratu guztiak banan-banan berrikusi zituztela eta ziurtatu dutela ez duela Israelekin edo harekin harreman komertzial edo instituzionala duten enpresekin kontratu eta harremanik.

Giza eskubideak errespetatzea bermatzeko pauso berria

Udal gobernuak argi utzi zuen “gardentasuna eta koherentzia etikoa” direla bere jardunaren “oinarri”, eta urrats bat gehiago eman nahi dutela iragarri zuen alkateak. Proposatu zuen etorkizuneko kontratazioetan parte hartuko duten enpresek giza eskubideak errespetatzen dituztela bermatzeko, zinpeko adierazpen bat aurkeztu behar izatea, honako hau ziurtatuz:

‘Enpresak ez du Nazio Batuen Erakundearen 183. Batzar Orokorrak aldarrikatutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean ezarritakoa urratzen duen eragiketarik egin edo egingo, ez eta Giza Eskubideak Babesteko eta Bermatzeko Sistemek eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak ezarritako printzipioak ere.’

Udalaren arabera, klausula horrek “kontratazio publiko arduratsua eta giza eskubideen errespetuan oinarritua” bermatzeko balioko du, bai egungo egoeran, bai etorkizunean sor daitezkeen testuinguruetan.

EAJk ez zuen proposamenarekiko bere posizioa momentuan argitu eta adierazi zuen gaia aztertuko dutela. Ondorioz, klausula berria abenduaren osoko bilkurara eramango da bozketarako.

Gehigarriak

Udalak baieztatu du ez duela kontraturik Israelekin loturarik duten enpresekin