Hondakinak kudeatzeko adostasuna lortu dute EAJ eta EH Bilduk

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Herritar guztion ohitura onei eta konpromisoari esker, hondakinen %80ko birziklatze-mailarekin Oiartzun birziklatze-maila altuenetakoa duten herrien artean dago. Europako legediak 2035erako aurreikusten dituen birziklatze-mailak Oiartzunen 2010etik betetzen dira, hain zuzen ere atez ateko bilketa-sistema martxan jarri zenez geroztik. Zentzu horretan zoriontzekoa da herritarren konpromisoa eta, trantsizio ekologikoaz hitz egiten den garai hauetan, aitzindaria izan da Oiartzungo hondakinen kudeaketa politika.

Europako araudiak dioena 

Europako Parlamentua eta Europar Batasuneko Kontseiluak 2018an berritu zuten 2008/98/CE zuzentaraua, eta lau urte beranduago, 2022an, Espainiako legeak Europako araudia garatu zuen. Araudi horien arabera, 5.000 biztanletik gorako herriek hondakinen kudeaketan helburu desberdinak lortu beharko dituzte. Bi dira garrantzitsuenak; batetik, 2035erako gutxienez hondakinen %65 birziklatu beharko dute, eta bestetik, 2025erako hondakinen bilketa-zerbitzua ezin da defizitarioa izan erakunde publikoentzat, hau da, kudeaketak dakarren kostua herritar eta enpresek ordaintzen dituzten tasen bidez bildu behar dute.

Esan bezala, birziklatze-mailari dagokionez, Oiartzunen 2010etik betetzen dira eskakizunak. Besterik da defizitari dagokionez. Izan ere, Oiartzunen hondakinen kudeaketagatik ordaindu izan den tasa Gipuzkoako apalenetakoa izan da eta, hortaz, gaia sakon aztertzeko beharra izan du Udalak.

2010ean hasitako bidean pauso berriak 

EAJk hala proposatuta, hondakinen kudeaketaz hitz egiteko batzorde propioa eratu zuten gobernu taldeak eta oposizioak. Batzorde horren helburua ez da bilketa-sistemez eztabaidatzea, baizik neurri egokiak eta errealistak proposatzea herritarren erosotasuna eta kostu publikoa arduraz kudeatzeko. Bi alderdi politikoek aitortzen dute, halaber, birziklatze-maila onak lortzen direla Oiartzunen, eta bestetik, Europako zuzentaraua dela hondakinen kudeaketan ezinbestean errespetatu beharreko markoa. Hala, etorkizunera begira, udaleko bi alderdi politikoek gai honetan ere elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute.

Udalak hondakinen kudeaketa osoa berraztertu du hobekuntzarako pausoak zehaztu eta defizitaren karga guztia herritarren lepo ez uzteko. Jakin behar da hondakinen kudeaketan etxeetako atez ateko bilketaz gain, industriaguneetako bilketa ere sartzen dela. Azken zerbitzu hori, orain arte San Marko mankomunitatearen bidez egin izan da, baina Udalak baloratu du une egokia dela zerbitzuaren kudeaketa berreskuratzeko, batetik, poligonoetako bilketa eraginkorragoa izan dadin, eta bestetik, honek eragina duelako defizitean.

Landu diren arloak honakoak izan dira:

  • Etorkizunean sortze besteko tasa jarri ahal izateko pausoak: papera eta ontzi arinak rafiazko poltsetan ateratzea. Abendutik aurrera joango da aldaketa hau herrira zabaltzen, auzoz auzo modu progresiboan. Datozen egunetan azalduko dira xehetasunak.
  • Etxeko olioa biltzeko sistema eraginkorrago eta erosoago bat jartzea. Abenduan jarriko da martxan berrikuntza.
  • Poligonoetako hondakinen bilketa eta kudeaketa udalak berreskuratu eta optimizatzeko neurriak hartzea.
  • Amiantoa duten instalazioen errolda egitea.

Elkarlan honen bidez, udal baliabideak egoki erabili eta herritarren erosotasuna lehentasun gisa mantenduz, Udalak berresten du hondakinen kudeaketa hobetzeko konpromisoa; hartara, trantsizio ekologikoan eta kudeaketa arduratsuaren arloan Oiartzun etorkizuneko herri aitzindarien artean kokatzeko.

Argazkian, Joana Mendiburu alkatea (EH Bildu) eta Janire Mitxelena EAJko bozeramailea.

Gehigarriak

Hondakinak kudeatzeko adostasuna lortu dute EAJ eta EH Bilduk