Lehen sektorea babesteko 50.000 euro bideratuko ditu Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo Udalak lehen sektorea indartzera bideratutako laguntza programa jarri du berriz martxan. 50.000 euro banatuko ditu aurten ere herriko nekazari eta abeltzainen artean, urtean zehar izan dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko. Tokiko ekoizleen jarduera ekonomikoa sendotzen eta sektoreak bizi duen egoera zailari arnasa ematen lagundu nahi du Udalak dirulaguntza lerroarekin. Ekoizpenaren jarraipena eta iraunkortasuna bermatu nahi ditu.

Laguntzak ustiategiaren tamainaren eta aurkeztutako gastuen arabera banatuko dira, eta 1.000 eta 2.000 euro arteko diru kopuruak jaso ahal izango dira.

Izandako gastuak eta egindako inbertsioak finantzatzeko laguntza

Deialdi honen bidez urtean zehar sortutako gastuak estaltzeko aukera izango dute profesionalek, besteak beste:

  • Ustiategietan egindako inbertsio eta hobekuntzak.
  • Baserritarren lan baldintzak hobetzeko ekimenak.
  • Lur abandonatuetan jarduera berreskuratzeko lanak.
  • Makineria eta ekipamendu berriak erostea.
  • Baratze eta lorezaintza intentsiborako azpiegiturak.
  • Berrikuntza teknologikoa edo belaunaldi erreleboa sustatzeko azterketak eta aholkularitza lanak.
  • Ekoizpen ekologikoa sustatzeko proiektuak.
  • Albaitaritza zerbitzuekin lotutako gastuak.
  • Ura, bazka eta pentsuen ordainketa bezalako gastu arruntak.

Eskaerak abenduaren 1era arte aurkez daitezke, bai erregistro elektronikoaren bidez bai Herritarren Arreta Zerbitzuan. Deialdiaren oinarriak eta beharrezko dokumentuak Oiartzungo Udalaren webguneko Iragarki Taula – Dirulaguntzak atalean kontsultatu daitezke.

Argazkian, Arane ustiategiko Juan Luis Retegi eta Ibon Mitxelena eta Olaia Lasa udal ordezkariak.

Gehigarriak

Lehen sektorea babesteko 50.000 euro bideratuko ditu Udalak