‘Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea’ ziklo berria antolatu du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2020ko azaroan Oiartzungo Udalak Aranzadirekin egindako hitzarmenaren berri eman zuen, udaleko alderdi guztien kontsentsuz hartutako erabakiaren bidez. Etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko iraganari begiratu behar zaiola jabetuta, giza eskubideen urraketa guztiak azaleratu eta bizikidetzaren oinarri sendoak jartzea izan da helburua, gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu.

Ordutik ekimen ezberdinak burutu dira, eta ‘Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea’ ziklo berria antolatu dute oraingoan. Gaur aurkeztu ditu egitaraua Joana Mendiburu alkateak eta Janire Mitxelena EAJ-PNV taldeko bozeramaileak, Arizmendienea lorategiko Oroimenaren Txokoan. Hona hemen udalean ordezkaritza duten bi alderdietako ordezkariek azaldutakoa:

Elkarlanean eta kontsentsuan oinarritutako bidea

Udalean ordezkaritza duten bi alderdietako bozeramaileek adierazi dutenez, “legealdi berriaren hasieratik” berretsi zuten udaletik bizikidetza eta memoria eremuko lanari emateko konpromisoa, eta bi alderdion arteko elkarlanean eta kontsentsuan oinarrituriko bideari ekin zioten.

Azaldu dutenez, Bizikidetza mahaiaren lana lau helburu nagusiren inguruan ardazten da. “Lehena, gertatu denaren transmisioa lantzea. Bigarrena, gertatutakoaren memoria lantzea eta sustatze. Hirugarrena, gure herrian pairatu diren sufrimendu guztiak eta eragindako biktima guztiak erreparatzeko bide egokiak aztertzea. Eta laugarrena, herritarren arteko bizikidetza sustatzea eta prozesua herrira zabaltzea”. Bestelako helburu transbersalak ere badituela gaineratu dute: gatazka eta memoriarekin lotutako guztiari emakumeen ikuspegia txertatzea; eta herriko beste eragile batzuekin elkarlana sustatzea, beti ere egitasmoen eta helburuen arabera.

Isildutako emakumeen bizipenak berreskuratzeko eta belaunaldi gazteenei zuzendutako hainbat proposamen

Bizikidetzaren eta memoriaren bidean “beste urrats bat” emate aldera, aurreko legealdian abian jarritako ‘Oroimena eta egia Bizikidetzaren bidea’ ziklo berri bat prestatu dute. Azaldu duenez, ziklo berri honen egitaraua osatzerakoan ardatza, emakumeek pairaturiko indarkeriari, ez soilik indarkeria politikoari baizik eta indarkeriei begiratzea izan da. “Ekitaldi desberdinen bitartez emakumeen istorio, bizipen eta izen isildu, ezkutatu edo ukatuak berreskuratu nahi izan ditugu, emakumeak gure iraganeko subjektu aktibo bezala aldarrikatzeko”.

Bestalde, nabarmendu dute aurtengo egitaraua lantzean ahalegin berezia egin dute belaunaldi gazteenei zuzendutako proposamenak egiteko, memoria “benetakoa” izango delako “baldin eta belaunaldi guztietan txertatzen bada. Belaunaldi zaharrenek beren bizipen eta oroitzapenak dituzte gatazka ulertzeko, baina gazteenek elementuak behar dituzte eta horregatik sortu ditugu ekitaldi propioak”. Alde batetik etxeko gazteenentzat ipuin kontaketa saioa antolatu dute Karmele Mitxelenaren eskutik. Bestetik, DBH4ko gazteentzat argazkietan oinarritutako aurkezpen-proiekzioa izango da. Ander Gillenea argazkilariak hiru hamarkadatan ateratako argazkiekin ‘Gure historiako pasarteak’ deituriko bilduma osatu zuen. Bilduma horri Maider Galardik begirada feminista txertatu dio, eta biek elkarrekin Oiartzunerako proposamen berri bat sortu dute udalaren enkarguz.

Azkenik, prestaketan herriko bestelako eragile batzuen elkarlana ere bilatu dutela nabarmendu dute, bai kultura eta memoriaren eremuan aritzen direnena zein ikastetxeena. “Kontutan hartu ditugu ere beste eragile batzuk arrakastaz sustatutako ekimenak, larunbateko ipuin kontaketa edo ostegunetako Landetxeko zinema saioak”. 

Formatu ezberdinak uztartuko dituen hiru asteko egitaraua

Prozesu honen guztiaren ondorioz, hiru astetan zehar luzatuko den egitaraua osatu dute. Oraingo honetan ere egitaraua azaroaren 10ean hasiko da Memoriaren nazioarteko egunean, hain zuzen ere, eta azaroaren 27ra arte luzatuko da. Formatu desberdinak uztartuko ditu: herritar orori zuzenduriko bi hitzaldi Udaletxeko pleno aretoan, ostegunetako zinema saioak baliatuz memoriarekin loturiko bi film emanaldi Landetxen, Oiartzungo ikastetxeetako DBH4ko ikasleentzat espreski prestaturiko argazki proiekzio-aurkezpena, etxeko txikienei zuzenduriko ipuin kontaketa eta bi asteetan zehar modu egonkorrean pleno aretoan egongo den argazki erakusketa.

  • Azaroak 10 18:30 Pleno aretoan: “Frankismoan errepresaliatutako emakumeak” hitzaldia Ione Zuloaga Aranzadiko kidearekin.
  • Azaroak 11 19:00 Landetxe kultur aretoan: “Izarren argia” filma.
  • Azaroak 15 17:00 Pleno aretoan: “Amonaren kea” eta “Beroki gorria” ipuin kontaketa hiru urtetik gorako haurrentzat Karmele Mitxelenarekin.
  • Azaroak 17 18:30 Landetxe kultur aretoan: “Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira" argazki proiekzioa Ander Gillenea eta Maider Galardirekin.
  • Azaroak 19 18:30 Pleno aretoan: “Euskal gatazk(ar)en ertzetako biolentziak eta erresistentziak. Begirada feminista bat indarkeriazko zikloari” hitzaldia Maider Galardirekin.
  • Azaroak 20 19:00 Landetxe kultur aretoan “Mujeres fusiladas. La memoria ausente” filma
  • Azaroak 27 goizez DBHko ikasleekin Landetxe kultur aretoan: “Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira" argazki proiekzioa Ander Gillenea eta Maider Galardirekin.
  • Azaroak 10-23 bitarteko erakusketa pleno aretoan “Euskal gatazkaren begiak eta (h)egiak. Gure historia hurbilaren instantak feminismotik begira"

Gehigarriak

‘Oroimena eta egia, bizikidetzaren bidea’ ziklo berria antolatu du Udalak