Europatik 1,4 milioi euroko dirulaguntza lortu du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2026rako udal aurrekontuak osatzen ari den honetan, oso albiste ona jaso berri du Udalak. Izan ere, Europako Garapen Eskualdeko Funtsetik (EGEF) 1.408.492 euroko dirulaguntza lortu du.

Joana Mendiburu alkateak azaldu duenez, Oarsoaldeko lau herriek ‘Giza eskala mugimenduan’ izeneko plana aurkeztu zuten dirulaguntza deialdi honetara. 14.000.000 €ko inbertsioa izango duten proiektuak prestatu zituzten eta plana osotasunean onartu du EGEFk. Aurrekontuaren %40 finantzatzeko laguntza jasoko dute eskualdeko lau udalek.

Euskal Autonomia Erkidegoan hiru plan bakarrik hautatu dituela azpimarratu du alkateak. “Hilabete luzez egin dugun lan onaren emaitza da aldeko ebazpen hau. Udalean lan handia egin dugu herri kohesiorako eta trantsizio energetikoa sustatzeko proiektuak prestatzeko”.

4 milioi euroko inbertsioa Oiartzunen

Oiartzunek guztira 4 milioi euroko aurrekontua duten egitasmoak aurkeztu ditu. Horiek gauzatzeko 1.408.5000 €ko dirulaguntza zuzena jasoko du Europako funtsetatik, aurkeztutako guztizkoaren %40 inguru (gainontzekoa Udalak finantzatuko du).

Sei inbertsio nagusi izango dira:

  1. Bidegorria hobetu eta lotura berriak egin: 1.254.000 €
  2. Altzibarko gune estalia eraiki: 1.605.000 €
  3. Hurbileko merkataritza sustatu: 187.000 €
  4. Altzibarren Arditurri Bide Berdeko interpretazio-zentroa: 214.000 €
  5. Arditurriko meategiko irteera egokitu:  63.000 €
  6. Bazterkeria-arriskuan dauden pertsonentzat eguneko zentroa (Lezo eta Pasaiarekin batera): 594.442 €

Proiektu gehienak 2026an gauzatuko dituztela adierazi du alkateak eta Europatik lortutako ekarpenak eragin nabarmena izango duela 2026ko udal aurrekontuan. “Oiartzungo Udalak etengabe egiten du lan herria hobetzeko proiektuak gauzatzeko baliabideak lortzeko, udal aurrekontutik harago doazen finantzaketa iturriak bilatuz. Hartu dugun iniziatibari esker eta eskualde mailan egindako lanari esker gure inbertsioak bikoizteko aukera izango dugu”.

Gehigarriak

Europatik 1,4 milioi euroko dirulaguntza lortu du Udalak