Arrazakeria ardatz izango du aurten Harrera Asteak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

366 bizilagun berri etorri dira aurten Oiartzunera bizitzera, inguruko herrietatik zein atzerritik. Denei herriko komunitatera ongietorria egiteko harrera saioa egingo dute igande honetan. 2015ean hasi ziren Udala eta Abaraxka ludoteka bizilagun berriei harrera egiteko ongietorri ekitaldia antolatzen eta aurten ere festa, musika eta jan-edana aitzakia hartuta elkar ezagutzeko saioa antolatu dute. 11:30ean izango da, herriko plazan (hortik Arizmendieneako lorategira abiatuko dira, ekitalditxoa eta hamaiketakoa egitera).

Iaz lehen aldiz egitaraua zabaldu eta Harrera Astea antolatzen hasi ziren, eta aurten ere bide horri jarraipena emango diote. Gai nagusi gisa arrazakeriaren inguruko hausnarketa aukeratu dute, bizikidetza eta aniztasuna sendotzeko asmoz. Olaia Lasa Ongizate zinegotziak nabarmendu duenez, “Oiartzun gero eta anitzagoa da, eta hori aukera paregabea da elkar ezagutzeko eta elkarrekin hazteko. Arrazakeriari buruz hitz egitea urrats positiboa da, guztion artean herri inklusiboagoa eraikitzeko”. Udazken honetan egingo diren ekintzak urte osoko lan baten parte dira: “Gai honekin lotutako hainbat ekintza egin dira dagoeneko, eta aurrerantzean ere norabide horretan sakontzen jarraituko dugu”, gehitu du Lasak.

Egitaraua

Ongietorria igandean izango bada ere, aurretik hasiko dute egitaraua. Ostegunean Los miserables pelikula proiektatuko da Landetxen, eta ostiralean mahai ingurua izango da, kultur aretoan hau ere.

  • Urriak 16, osteguna: 19:30ean zine saioa Landetxen, ‘Los miserables”.
  • Urriak 17, ostirala: 18:30ean mahai ingurua Landetxen, “Oiartzuarrak arrazistak al gara?”.
    • Hizlariak: Amelia Barquin, Amaia Jackson eta Nahikari Irastorza
    • Moderatzailea: Jon Martin
    • Sarrera eta amaiera: Mirari Martiarena
  • Urriak 19, igandea: 11:30ean herriko plazan, harrera saioa.
  • Azaroak 15: goizean zehar Kontzejupean, Munduko Arrozen eguna

Gehigarriak

Arrazakeria ardatz izango du aurten Harrera Asteak