Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
2026 urterako Elorsoro kiroldegiko prezioak zehaztu ditu Udalak. Hilabeteko kuota orokorra 25,34 € izango da (aurtengoarekin alderatuta 0,74 € eguneratuko da), eta erabiltzaileen adinaren edo bizikidetza unitatearen baitan tarifa ezberdinak egongo dira. Izan ere, 16 urte baino gutxiago edo 65 urte edo gehiago duten bazkideentzat %40 merkeago izango da bazkidetza, ariketa fisikoa egitea sustatzeko. Familiek, familia ugariek, guraso bakarreko familiek ere kuota merkeagoa izango dute.
Abonu mota hauek zehaztu dituzte (eskera berezirik egin gabe aplikatuko dira):
Prezio murriztuak diru-sarrera apalagoak edo ezgaitasuna dutenentzat
Abonu orokorrez gain, diru-sarrera txikiak dituzten bazkideek prezio murriztuagoa izango dute; ohiko abonuak baino %40 merkeago. 63 familiak eta 36 norbanakok dute gaur egun tarifa murriztu hau.
Orain arteko prezio murriztu motak mantentzeaz gain, Udalak iragarri du tarifa murriztu berri bat egongo dela 65 urte edo gehiago dituzten eta zehaztutako errenta mailara iristen ez diren bazkideentzat, adin tarte horretarako kuota baino %40 merkeagoa hau ere.
Prezio murriztu hautarako eskaera aurkeztu beharko da, eta dagoeneko zabalik dago epea. Udaletxean egin behar da —ez kiroldegian—, online edo aurrez aurre Herritarren Arreta Bulegoan, azaroaren 10a baino lehen. 2026ko abonuei dagokien laguntza bada ere, Udalak nabarmendu du eskaera egiteko azken eguna 2025eko azaroaren 10a dela. Udalaren webguneko Iragarki Taulak ataleko Dirulaguntzak sailean ikus daitezke bizikidetza unitate bakoitzerako zehaztutako mugak.
Ezgaitasuna duten bazkideek doan izango dute kuota. Lehen aldia bada (edo iaz eskatu bazuten estreinakoz) hauek ere eskaera aurkeztu behar dute, aipatutako epeetan.
65 urte edo gorakoentzat hobekuntza gehiago
Jubilatuek ariketa fisikoa egitea sustatu nahi du Udalak, zahartze aktiborako eta ongizaterako ezinbestekoa baita. Horregatik zehaztu zuen iaz 65 urte edo gehiagokoentzat kuota merkeago bat (zuzenean aplikatzen ziena), eta aurten murriztuago bat adin hori izan eta diru-sarrera txikiak dituztenentzat (hauek eskaera egin behar dute).
Beste hobekuntza nabarmen bat ere onartu dutela azaldu du Olaia Lasa Ongizate zinegotziak: aurrerantzean 65 urte edo gehiago duten bazkide berri batek ez du matrikula ordaindu beharko kiroldegian izena ematerakoan. Hala, oraindik bazkide ez diren herritarrak Elorsorok eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzeko hastera animatu nahi ditu Udalak.
Argazkian, Edorta Fernandez Kirol zinegotzia eta Olaia Lasa Ongizate zinegotzia.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika