Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Ikasturte berria abiatu zuen atzo 12 eta 17 urte arteko nerabeen aisialdirako Topalekuak. Duela bi urte jarri zuen martxan Udalak zerbitzua, nerabeei aisialdi aktibo, partehartzaile, sortzaile eta osasungarria eskaintzeko. Gaztetxoenen artean harrera bikaina izan du hasieratik Landetxen kokatutako espazioak. Bataz beste 30 lagun elkartzen dira ateak zabaltzen dituen egunetan antolatzen diren tailerretan parte hartzera, ping-pongean edo dardotan ibiltzera edota pufetan lasai berriketan aritzera.
Igandeetan ere emango du zerbitzua
Zerbitzuak izan duen arrakasta ikusita, eskaintza zabalduko du Udalak. Ostegun, ostiral eta larunbatetan egon da zabalik orain arte eta aurrerantzean igandetan ere zabalik egongo da Topalekua. Egunaren arabera ordutegi ezberdina izango du: ostegun eta igandetan 17:00etatik 20:00etara, eta ostiral eta larunbatetan ordubete gehiago, 17:00etatik 21:00etara.
Astean lau arratsaldez mota guztietako ekintzak egiten jarraitzeko asmoa dute, beti ere gazteek beraiek hezitzaileekin batera osatutako programazioa oinarri hartuta. Inklusioa, hezkidetza, genero-berdintasuna eta euskara ditu ardatz.
Iazko markak hautsi eta nerabe gehiago erakarri nahi dituzte aurten. DBHn dauden oiartzuar denentzat irekita dagoela eta ez dela izenik eman behar gogorarazi dute. Urrirako prestatu dituzten ekintzak ere iragarri dituzte:
Gozagunea martxan izango da berriz
Topalekuko sexu-aholkularitza zerbitzua ere berriz martxan jarriko dela iragarri du Udalak. Urtarrilean hasi zen sexualitatea eta harreman afektibo-sexualen inguruko zalantzak lantzeko zerbitzua eskaintzen, sexologian adituak diren profesionalen bidez.
90 gaztek erabili zuten zerbitzu hau urtarriletik ekainera. Besteak beste, honako gai hauek landu ziren: sexualitatea, beldurrak, matxismoa, jostailu erotikoak, pornoa, lgtbiq+fobia eta autoestimua.
Hilean bitan eskainiko da aholkularitza eta Topalekuko hezitzaileen bidez hartu daiteke hitzordua.
Argazkian, Olaia Lasa Ongizate zinegotzia eta Ekin Susperregi Gazte zinegotzia, Topaleku aurrean.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika