Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Oiartzungo Udalak Herritarren Arreta Zerbitzu berria (HAZ) zabalduko du datorren astelehenean, ekainak 16. Udaletxe ondoko eraikinean kokatu dute arreta integrala eskaintzeko bulegoa, Done Eztebe plaza 2-behea helbidean (udaletxe ondoko eraikinean).
“Legealdi hasieran esan bezala, Udala modernizatu eta herritarrei zuzeneko arreta hobea eskaintzeko asmoz, Herritarren Arreta Zerbitzurako gune berria sortu dugu”, adierazi du Joana Mendiburu alkateak. “Ate berria ireki dugu herritarren eta Udalaren arteko harremana errazteko. Zerbitzu publiko hurbilago, gardenago eta eraginkorrago baterako bidea da HAZ”.
Arreta osoa toki berean, ordutegi zabalagoan
Egin beharreko izapidearen arabera, bulego ezberdinetara joan behar izaten zuten herritarrek orain arte. Aurrerantzean, arreta osoa eskainiko duen bulego berrian egingo dituzte ohiko tramite guztiak: ohiko eskaerak bideratu, hondakinetako kuboak jaso, errolda agiria eskuratu, erreziboak ordaindu, ohiko zalantzak argitu…
Zerbitzua indartu eta ordutegia zabaldu du Udalak: lau langile egongo dira bertan lanean, goizeko 7:30etik 15:00etara arreta eskaintzeko, astelehenetik ostiralera.
Tramiteak errazteko lanketa
Berrikuntza hau udalaren funtzionamendua berritzeko lanketa oso baten emaitza dela nabarmendu du alkateak. “Herritarrei zerbitzu eraginkorragoa eskaintzeko, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak hobetu ditugu”. 140 izapide ezberdin egin daitezke udalean, eta guztiak berrikusi ditu Udalak, herritarrentzat ulergarriagoak eta errazagoak izan daitezen.
“Tramiteak leku bakarrean eta modu errazean egiteko proiektua gauzatu dugu. Herritarrak artatzeko toki berria izango dugu aurrerantzean, kalitatezko banakako arreta integrala eskaintzeko gune eroso, irisgarri eta atsegina. Udaletik zerbait behar baduzu, hau da jo behar duzun atea. Ongi etorri Herritarren Arreta Zerbitzura!”
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika