Merkataritza txikia sustatzeko dirulaguntza lerroa jarri du martxan Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Herrian merkataritza eta negozio-proiektu txikiak sustatzeko dirulaguntza lerro berria ireki du Udalak. Hiru helburu nagusi lortu nahi ditu: herriko merkataritza-sarea sendotzea, herritarrei eguneroko beharrak auzoetan bertan asetzeko aukera ematea, eta lokal hutsetan proiektu berriak bultzatuz auzoak biziberritzea.

Urtean 35.000 euro bideratuko ditu martxan jartzera doazen proiektu berriak edo azken 5 urteetan zabaldu diren negozioak diruz laguntzeko, kontuan hartuta hasierako urteak izaten direla zailenak. Aiako Harria Gaztelumendi alkateordeak adierazi duenez, “gure herriko merkataritza txikia bizirik mantentzea funtsezkoa da komunitate bizia eta kohesionatua izateko. Dirulaguntza lerro berri honen bidez, ekintzaileei arnasa eman nahi diegu beren jarduerak egonkortzeko urte garrantzitsu horietan”.

Proiektu berriak, eskualdaketak eta birkokatzeak

Arropa edota janari dendak, hortz-klinikak, okindegiak, abokatu eta gestoria bulegoak, fisioterapia zentroak, informatika zerbitzuak, estetika zentroak… Elizalde-Altzibar ardatzean dauden lokaletan oiartzuarrentzat erabilgarri diren zerbitzuak sustatu nahi dituzte.

Gehienez ere bost urteko antzinatasuna duten proiektu hauek lagunduko dira:

  • Negozio berri baten sorrera
  • Kaletik zuzeneko sarbiderik ez duen lokal batetik sarbidera duen batera lokala aldatzea
  • Herriko azalera handiko guneetatik Elizalde edo Altzibarrera lekualdatzea
  • Ixtera doan negozio baten jarraipenerako eskualdaketa

Bost urtez jaso daiteke dirulaguntza

Irekiera urtearen baitan ezberdina izango da emango den laguntza. Lehen urtean 4.000 € arte jaso daitezke, 3.500 € bigarren eta hirugarren urtean, 2.500 € laugarrenean eta 1.500 € bosgarrenean. Beraz, aurten edo datozen urteetan martxan jartzen diren proiektuek 15.000 € arteko laguntza jaso dezakete.

Urtean zehar egindako gastu orokorrak ordainduko dira: ekimena abiarazteko hasierako gastuak, alokairua edo erosketa, altzari edo makinaria erosketa, web-orriaren diseinua, marketin gastuak, berdintasun eta segurtasun ikuspegia zaintzen duten erakusleiho garden eta zabalak egiteko egokitzapen lanak, merkataritza txikia sustatzea helburu duten elkarteetako bazkidetzak…

Udaletxean bertan edo webgunetik egin daitezke eskaerak eta urte osoan zehar egongo da zabalik epea. Xehetasunak udalaren web orriko iragarki taulan aurki daitezke.

Gehigarriak

Merkataritza txikia sustatzeko dirulaguntza lerroa jarri du martxan Udalak