Ehundik gora lagunek hartu dute parte Arragua berria ezagutzeko saioan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Arragua biziberritzeko proiektua herritarrekin partekatu eta aberasteko parte-hartze saioak martxan ditu Udalak. Aste honetan egin dute lehena, Arragua berriaren xehetasunak azaltzeko. Egitasmoak interes handia sortu du eta ehun lagun baino gehiagok hartu du parte Arraguan eta Elizalden egin diren aurkezpenetan. Pozik eta oso baikor azaldu da Udala jasotako erantzunarekin, egindako lana eskertu eta babestu baitute auzotarrek. Gainera, belaunaldi ezberdinetako herritarrak gerturatu izana nabarmendu du, adin-tarte guztietarako atsegina izango den auzogunea sortzeko ezinbestekoa baita.

Interes publikoa eta bizi kalitatea lehenestea helburu

Gaur egungo proiektua nondik datorren ulertzeko Arraguak azken 60 urtean izan duen bilakaera fisikoa eta urbanistikoa azaldu zuten udal ordezkari eta teknikariek. Gogorarazi zutenez, 1964. urtean Espainiako Etxebizitza Institutuak (INV) hainbat lursail desjabetu zituen auzoan, Donostia-Irun korridorean etxebizitza multzo handiak egiteko toki aproposa zela iritzita. Lartzabal etxadia garatu eta beste 1.000 etxebizitza inguru aurreikusi zituen. Ordutik hainbat urbanizazio proiektu egin dira. Ibilbidea azaldu (hemen ikusi daiteke saioan erabili zuten aurkezpena) eta azken urteetan interes kolektiboak interes partikularren aurretik jartzeko Udalak gogor lan egin dutela adierazi zuten.

2007tik luzatu den negoziazio prozesua zaila izan den arren, lortutako emaitzarekin gustura dago Udala, hobetu zitekeen guztia hobetu delako. 2006an ezarritako eraikigarritasuna %43 murriztea lortu du (%62 etxebizitza libreetan). 200 etxebizitza inguru gutxiago egingo dira eta eraikiko direnen %70 babestuak izango dira. Eraikinen altuerari muga jarri zaio eta gaur egungo dorreak baino apalagoak izango dira. Bizi kalitatea erdigunean jartzeko espazio publiko zabalak aurreikusi dituzte, plaza handiak eta mota ezberdinetako berdeguneak. Auzogunean ibilgailuen erabilera mugatua izango da eta lanketa berezia egin da bidegorriarekin lotura zuzenak sortzeko. Ekipamendu publikoetarako, zerbitzuetarako eta merkataritza lokaletarako ere espazioak gorde dituzte.

Espazio publikoak lantzeko bigarren saioa, datorren astean

Abiapuntua eta proiektua ezagututa, auzoguneko izango dituen espazio berriak nolakoak izan behar duten lantzeko parte-hartze ariketa egingo dute hurrengo astean. 2006an aurreikusi zen urbanizazio proiektua nabarmen hobetuta, momentu polita da bizitzeko espazio publiko berriak eta eremu atseginak elkarrekin zehazteko.

Bi saio egingo dituzte horretarako, bat Arraguan (asteazkenean, frontoi ondoko lokalean) eta bestea Elizalden (ostegunean, udaletxeko areto nagusian). 18:30ean izango dira eta ariketa berdina egingo da bietan: 4 edo 5 gai ezberdinen baitan taldeak osatuko dituzte, parte-hartzaile bakoitzaren interesaren arabera. Nolako plaza nahi dugu? Ze berdegune egingo ditugu? Ze zerbitzu edo ekipamendu behar ditugu? Galdera horiek guztiak elkarrekin erantzungo dituzte. Lehen saiora joateko aukerarik izan ez duten herritarrak ere gonbidatu dituzte.