Hiru ildo nagusi izango ditu Oiartzungo Euskararen Plan Estrategikoak datozen 5 urteetan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2024-2029 aldirako Euskararen Plan Estrategikoa osatu du Udalak. Hurrengo bost urteetan Oiartzunen euskara sustatzeko estrategiak jasotzen ditu dokumentuak. Laugarren plan estrategikoa da.

10 hilabetetan zehar martxan izan duten Urtabe prozesuaren emaitza da euskararen ezagutza eta erabilera indartzea helburu izango duen tresna berria. Herritarrak izan ditu prozesu guztian zehar erdigunean, haiek eztabaidara eta hausnarketara bultzatuz, hemendik aurrera lantzeko ildo nagusiak zein behar luketen azaleratzeko asmoz. Bidea gidatzen, talde eragile bat izan dute eta bertan parte hartu dute Oiartzungo Udaleko hizkuntza normalizazioko teknikariak, euskara zinegotziak, UEMAko ordezkariak, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko ordezkariak, Oarsoaldeko euskara teknikariak eta Ahize-AEK aholkularitza zerbitzuko teknikariek.

Diagnostikotik planaren diseinura, parte-hartzea oinarri

Azken hamar hilabeteetan Udalak Oiartzungo hainbat eragile eta herritarrekin burututako hausnarketa prozesuaren emaitza da plana. Prozesuaren lehen lana Oiartzungo euskararen egungo diagnostikoa osatzea izan zen. Hainbat iturri erabili zituzten horretarako: datu soziolinguistikoak, galdetegiak eta herritarrekin izandako elkarrizketak, besteak beste. Sektorez sektore lan mahaiak ere egin dituzte, hausnarketak partekatzeko. Bost arlotan banatuta egin dute; euskalgintza eta hedabideak; aisia, kultura eta kirola; hezkuntza eta familia; arlo sozioekonomikoa eta gazteak.

Hamarnaka herritar eta eragilek hartu dute parte saioetan. Entzuketa lanetik ateratako ideia, iritzi eta ondorioekin osatu zuten herriko egoeraren diagnosia, eta horren baitan diseinatu dute 2024-2029ko Plan Estrategikoa. Lehentasunak eta ekintza proposamenak ere elkarlanean zehaztu ziren, urriaren 28an, larunbat goiz osoa hartuta, egin zen mintegian.

Euskara eta euskal komunitatea indartzea helburu

Euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko herritarrek eta Udalak izango duen lanerako tresna izango da Plan Estrategikoa, euskal hiztunak sortu eta ahalduntzeko zein euskararen komunitatea sendotzeko. Oiartzunen euskara sustatzeko estrategiak jasotzen ditu. Estrategia hauek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak proposatutako AROA marko estrategikoaren baitan kokatu dituzte.

Hiru helburu nagusi zehaztu dituzte:

  1. Oiartzungo udalerrian euskararen aldeko kontzientzian eta transmisioan eragin.
  2. Euskarara hurbildu ez diren edo gerturatzen ez diren herritarrak hizkuntzara hurbildu.
  3. Euskararen aldeko politika ausartak hartzeko bidea egin.

AROA marko orokorraren baitan lehenetsi diren sei ardatzak lantzeko (Gobernantza, jarrerak/motibazioak, gaitasuna, erabilera, ikerketa eta komunikazioa) hamalau erronka finkatu dituzte horretarako, eta bakoitza aurrera eramateko ekintzak ere aurreikusi dituzte arloka edo lan-ildoka. Ardatz estrategikoak azken helburuak dira, eta erronkak, azken helburuak lortzeko bidean, epe ertainerako jartzen ditugun helburu lorgarriak. Orain arte egin eta emaitza egokiak izan dituzten ekimenak ere txertatu dituzte planaren egitura berrian.

Bidea ere elkarlanean

Zehaztu dituzte datozen bost urteetan herrian euskara sustatzeko lehentasunak eta estrategiak. Aurrerantzean ere planaren garapena elkarlanean egingo dute oiartzuarrek, eragileek eta Udalak, euskalgintzako lanketetan ohitura izan den moduan. Komunitate osoaren indarra ezinbestekoa izango baita euskaraz bizi den herria lortzeko.

Gehigarriak

Hiru ildo nagusi izango ditu Oiartzungo Euskararen Plan Estrategikoak datozen 5 urteetan