KirolTxartela Mugiment, geroz eta arrakastatsuagoa

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2023ko otsailaren 1ean sartu zen Oiartzungo Udala KirolTxartela Mugiment sarean. Ordutik, Elorsoro kiroldegiko bazkideek beste 98 herrietako kirol instalazioak doan erabili ditzakete, tartean Oarsoaldekoak, Donostiakoak, Bilbokoak edo Gasteizkoak.

Elorsoroko 345 bazkidek eskatu dute sare honetan sartzeko aukera eta honi esker 504 oiartzuar joan dira beste herrietako kirol guneak erabiltzera, inongo kosturik gabe.

40 erabilera hilero

Ariketa fisikoa sustatzeko, kirol-espazioetarako sarbidea errazteko eta kirol-eskaintza handitzeko sartu zen Oiartzungo Udala KirolTxartela Mugiment proiektuan. Lanagatik, ikasketengatik edo dena delakoagatik beste udalerriren batean dauden Oiartzungo bazkideek bertako kiroldegiak doan erabiltzeko aukera emateko.

Bazkide bakoitzak nahi adina alditan erabili dezake txartel birtuala eta batez beste 40 oiartzuarrek erabiltzen dute hilero. Hauek dira hilabete bakoitzeko datuak:

  • Urtarrila (2024): 68 erabiltzaile
  • Abendu (2023): 43
  • Azaroa: 54
  • Urria: 45
  • Iraila: 43
  • Abuztua: 16
  • Uztaila: 14
  • Ekaina: 39
  • Maiatza: 63
  • Apirila: 29
  • Martxoa: 56
  • Otsaila: 34

Mugikorrerako aplikazioa

Beste kiroldegiak erabili ahal izateko, mugikorrean KirolTxartela Mugiment aplikazioa deskargatu eta erabiltzailearen datuak sartu behar dira. Beste udalerriko kiroldegira joatean, sarreran aplikazioko txartel birtuala eta nortasun agiria besterik ez dira erakutsi behar. Aplikazioan bertan ikusi daiteke beste herrietako zein kirol instalazio eta zerbitzu erabili daitekeen eta zein ordutegitan. Informazio hau kiroltxartela.eus helbidean ere kontsultatu daiteke.

Gehigarriak

KirolTxartela Mugiment, geroz eta arrakastatsuagoa