Oiartzunen euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu dute

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2024-2029 aldirako Euskararen Plan Estrategikoa aho batez onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Hurrengo bost urteetan Oiartzunen euskara sustatzeko estrategiak jasotzen ditu dokumentuak. Laugarren plan estrategikoa da.

Aiako Harria Gaztelumendi Hizkuntz normalizaziorako zinegotziak azaldu zuenez, “azken hamar hilabeteetan Udalak Oiartzungo eragile eta herritar ezberdinekin burututako hausnarketa prozesuaren emaitza” da plana. Sektorez sektore egin dituzte saioak, “guztion artean erronka nagusiak” zehazteko. “Ideia oso interesgarriak” jaso dituztela azpimarratu zuen zinegotziak. Hizkuntzaren ezagutza eta erabilera indartzeko herritarrek eta Udalak izango duen lanerako tresna izango da, “euskal hiztunak sortu eta ahalduntzeko zein euskararen komunitatea sendotzeko”.

Berdinsareko kide, berdintasunerako koordinazio era eraginkortasuna hobetzeko

Berdinsarea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerrien sareko kide izango da aurrerantzean Oiartzungo Udala. Berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka udal programak eta zerbitzuak bultzatzea, indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea du helburu sareak, tokiko gobernuek arlo horretan erantzuteko eraginkortasuna hobetzeko.

Joana Mendiburu alkateak aurkeztu zuen bat egiteko proposamena. “Erakunde arteko koordinazioaren bidez, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimenganako arretaren efizientzia eta eraginkortasuna hobetu nahi dugu”. Horretarako, berdintasun politikak ezartzerakoan orain arte ere une oro erakunde ezberdinekin lankidetzan aritu direla gogorarazi zuen, hala nola, Oarsoaldeako Berdintasun Mahaian kide izaterakoan, edota lehen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdinbidean programan eta orain Gipuzkoako berdintasun teknikarien langunean duen partehartzean. Lankidetza eta koordinazio Euskal Autonomia Erkidegoko beste udaletara zabaldu nahi dute orain. Aho batez onartu zuten proposamena.

Gobernantza feminista helburu

EH Bildu udal taldeak aurkeztutako ‘Martxoaren 8a, gobernantza feminista helburu’ mozioa ere izan zuten aztergai. Nora Velez del Burgo Feminismo zinegotziak irakurri zuen testua. “Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik eta toki ezberdinetatik datoz, baina ez dira atzokoak krisi honi erantzun nahi dioten mugimendu eta ekimenak”. Nabarmendu zuenez, emakumeek zaintzen ematen duten denbora horretan “lan hauetan ardurarik hartzen ez duten gizonek boterea metatzen jarraitzen dute”. Egoera iraultzeko, “politika publikoek emakumeak boteretzea” lortu behar dutela esan zuen, eta horretarako “ezinbestekoa” dela Gobernantza Feminista, jarduteko eta lan egiteko prozeduretan “aldaketak” egitea. “Beharrizan nabarmen hauen aurrean, gure herriak dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du; erakundeetatik ahalegin eta konpromisoa aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-gunean bultzatu eta indartuz”.

Hiru erabaki proposatu zituen: gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea, Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko jendartea lortzeko bidean egindako eta egiten duen ekarpena eta lana aitortzea; eta Oiartzungo Feministen Asanbladak martxoaren 8rako egin duen deialdia babestu eta herritarrei bertaratzeko deia luzatzea. EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu zen mozioa. EAJ-PNV taldeko hautetsiak abstenitu egin ziren. Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak EUDELek martxoaren 8aren harira prestatutako adierazpena lantzea proposatu zuen “ahalik eta adostasun gehien eskatzen duen gaia delako”. Bi mozioak “edukietan ezberdinak” direla erantzun zuen EH Bilduko zinegotziak, eta “mozio bateratuak ongi dauden arren, edukiek garrantzia” dutela. Horregatik, bateratze bidean adostasuna topatzeko eta adierazpen bateratua lortzeko lanketa egiteko konpromisoa hartu zuten bi taldeek.

Otsaileko protokolo gastuen berri ere eman zuten. 299,88 € izan dira, bidaia eta garaikurretan.

Gehigarriak

Oiartzunen euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu dute