Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta adierazpen instituzionala onartu dute bi udal taldeek

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala adostu dute Oiartzungo Udaleko bi talde politikoek. Indarkeria matxista guztiak gaitzetsi dute EH Bildu eta EAJko zinegotziek eta Udaletik indarkeria horren prebentzioan eta erreparazioan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Indarkeria matxistaren oinarria parekidetasun eza dela adierazi dute eta horri erantzuteko, gaur egun Udaletik sortzen ari diren edo martxan dauden zerbitzuekin eta egiturekin jarraitu eta indartuko dituztela dute.

Era berean, herritarrei dei egiten diete azaroaren 25ean Mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.

Hemen EH Bilduko eta EAJko udal taldeek adostu duten adierazpena:

 

AZAROAREN 25: ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egun honetan, azaroaren 25ean, Oiartzungo Udalak indarkeria matxista oro gaitzetsi eta indarkeria horren prebentzioan eta erreparazioan lan egiteko duen konpromisoa azpimarratu nahi du.

Emakumeen aurkako indarkeriak forma ugari ditu (fisikoa, psikologikoa, sexuala, ekonomikoa…), baina indarkeria horien guztien oinarrian gizonek eta emakumeek jasotzen dugun gizarteratze edo sozializazio prozesu ez parekidea dago, parekidetasun eza baita indarkeria matxistaren oinarria.

Jendarte, familia eta eskola-inguruneetan gizarte-balio parekideak ez transmititu izanak eta sexu-hezkuntzarik ez jasotzeak, zenbait indarkeria mota antzemateko zailtasunak sortzen dituzte gainera. Izan ere, berdinzalea ez den jendarte batean hazteak eta hezteak indarkeria horiek ikusteko gaiztasuna sortzen du. Kasu askotan, gainera, indarkeria jasan izana salatzen duten biktimei ez zaie sinisten eta horrek, indarkeria instituzional eta soziala izateaz gain, eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea.

Indarkeria matxista lehen lerroko arazoa da eta Oiartzungo Udalak eskura dituen estrategia eta mekanismo guztiak sustatuko ditu prebentziorako eta erreparaziorako. Konpromiso horri erantzuteko, gaur egun sortzen ari garen edo martxan ditugun ondorengo zerbitzuekin eta egiturekin jarraitu eta horiek indartzea dugu helburu:

  • Oiartzungo emakumeentzat aholkularitza juridikoa eskainiko dugu.
  • Oiartzungo Topalekuan neska gazteen ahalduntze espazio bat martxan jarriko dugu.
  • Indarkeria matxistari aurre egiteko Oarsoaldeko Autolaguntza zerbitzuarekin jarraituko dugu.
  • Indarkeriari aurre egiten dieten nerabeentzako arreta psikologikoko zerbitzu espezifikoarekin jarraituko dugu.
  • Udalerriko adingabeekin hezkuntza-prozesuak indartu eta hezkuntza ez-formalean eragingo dugu: Topalekua martxan jarrita eta Abaraxka Ludotekarekin elkarlanean.
  • Berdinsarean sartzeko eskaera egingo dugu.

Era berean, zaintza sistema komunitarioak emakumeen ahalduntzean pausuak ematea dakarrela uste dugu, eta ondorioz, zenbait eremutako indarkeriak gainditzea ere ekarriko du. Hortaz, zaintza sistema erreferentzial bat sortzera eta guztiok bertan ardurak hartzera deitzen zaituztegu.

Bukatzeko, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean Mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten.

Jarrai dezagun indarkeria matxistarik gabeko Oiartzun parekidea eraikitzeko bidean.

Argazkian Joana Mendiburu alkatea, Garazi Urdampilleta alkateordea eta Janire Mitxelena EAJ taldeko bozeramailea.

Gehigarriak

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta adierazpen instituzionala onartu dute bi udal taldeek