Oiartzunen egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusi ibiltaria

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

1979ko uztailaren 2an berreskuratu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak ehun urteren ondoren. Garai berrietara egokitzeko, Donostian egoitza finkoa edukitzea erabaki zuten. Hala ere, urteurrena gogoan izateko urtean bilkura ibiltari bat egiten jarraitzea erabaki zuten. Oiartzunen egin dute aurtengoa.

Joana Mendiburu alkateak egin die harrera batzarkideei 9:30ean herriko plazan. Herriko aginte-makila eman dio Xabier Ezeizabarrena batzar nagusietako presidenteari. Lartaun Txistulari Taldearen doinuekin Katerin Artola eta Eñaut Fernandezek Agurra dantzatu ondoren sartu dira diputatu, batzarkide eta zinegotziak Udaletxera.

Bilkura abiatuta, Mendiburu izan da hitza hartzen lehena. Bertaratutakoei ongietorria eman eta Oiartzunek Gipuzkoako Batzar Nagusiekin duen lotura historikoa nabarmendu du. “Gipuzkoako Batzar Nagusien gertakizun historikoen lekuko izan da Oiartzun. 1876an hemen egin zen azken osoko bilkura itinerantea, euskaldunoi, gipuzkoarroi, gure eskubide historikoak, foruak, kendu zizkiguten urtean”. Ia ehun urte geroago, 1979an, Batzar Nagusi ibiltarien bilera Oiartzunen berreskuratu zela gogorarazi du. “Gaur, ohorea da niretzat, Oiartzungo alkate izendatu berritan, Gipuzkoako Batzar Nagusiei harrera egitea eta pleno honetan parte hartzea”.

Herriko beste data esanguratsu bat ere aipatu nahi izan du alkateak. “1939an gertakizun beltz batengatik dardar egin zuen gure herriak. Faxistek udal honetako zinegotzi guztiak kargutik egotzi eta bi erahil egin zituzten: Leoncio Aramburu Aguirre eta Antonio Irigoyen Mitxelena”. Atzera begiratzearen garrantzia aldarrikatu du “non gauden kokatzeko eta etorkizunari aurrez aurre begiratzeko”. Aurrera begira ere erabakitze eskubideak "Euskal Herriaren geroa" marraztu behar duela azpimarratu du.

Etorkizunak betiereko galderak “molde berriz” erantzuteko eskatzen duela esan du Mendiburuk. “Pertsonen zaintza politiken erdigunean hartzeko eta guztion artean bermatzeko, eta ez orain arte bezala, emakumeon bizkar”. Hemendik 23 urtera Gipuzkoako batzar nagusi ibiltaria Oiartzunera etorriko da berriz. “Ordurako gu ez gara hemen egongo eta lekukoa hartua izango digute belaunaldi berriek. Utz diezaiegun ortzadarraren koloreak dituen lekuko bat, herrialde orekatu eta jasangarri baten ikurra dena eta euskaraz hitz egiten duena”.

Mendibururen hitzartzea amaituta Ezeizabarrenaren txanda izan da. XII. legealdian Gipuzkoa eta Euskal Herria “politika aurreratuen” hartzaile izan daitezela eskatu du. Hurrengo urteko batzar ibiltariaren tokia ere finkatu du: Arrasaten egingo dute, 2024ko uztailaren 2an.