95 oiartzuarrek jaso zuten etxez etxeko laguntza zerbitzua 2022an

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Herritar guztien ongizatea bermatzea da Oiartzungo Udalaren helburu nagusia eta bide horretan oinarri garrantzitsuenetarikoa da etxez etxeko laguntza zerbitzua.

Zaintza behar duten herritarrak eta haien familiak laguntzea da udal zerbitzu honen xede nagusia: beraien autonomia behin-behinean galdu duten pertsonak, pixkanaka autonomia galtzen ari direnak (ahal den gehien norberaren etxean bizitzen jarraitzeko), bazterkeria egoeran daudenak, adikzioak dituztenak, adingabeen zaintzan laguntza behar dutenak (guraso edo tutoreek zaintza egokia ematerik ez dutenean),  osasun mentaleko arazoak dituztenak…  Beraien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu eta etxekoen kontziliazioa erraztea ditu helburu zerbitzuak.

Laguntza behar dutenen eta hauen zaintzaren ardura bizitza errazteko lan egiten dute udaleko etxez etxeko langileek. Asteburuetara ere zabalduta, urteko 365 egunetan eskaintzen dute zerbitzua. Laguntza behar duenarentzat berdin baita igandea edo osteguna izan.

95 oiartzuarrek jaso zuten laguntza 2022an

Etxez etxeko langileek 95 herritar lagundu zituzten 2022an. 68 dira orain zerbitzua jasotzen ari direnak. Oiartzungo 68 etxeetan bizitza xamurragoa da beraz profesional hauen lanari eskez.

Laguntza behar duten herritarren ongizatea eta lasaitasuna bermatzea da beraien lehentasuna. Kasu bakoitzeko beharren azterketa egiten du Ongizate Sailak eta premien arabera egokitutako zerbitzua zehazten da: jaikitzen edo oheratzen lagundu, janzten, errutinak sortzen eta mantentzen, garbiketan, otorduak prestatzen, erosketetan, paseotxoa ematen edo konpainia egiten. Laguntza integrala, profesionala, humanoa, gertukoa eta konfiantzazkoa ematen dute, eguneroko bizitza errazagoa egiteko.

Udal langile profesionalez osaturiko taldea

Oiartzun da etxez etxeko laguntza zerbitzua udal langileekin eskaintzen duen Gipuzkoako herri bakarrenetarikoa. Lan-taldea osatzen duten kide guztiak dira udal langile prestatuak.

Ongizate saileko taldeak ematen du zerbitzua. 19 pertsonek osatzen dute etxez etxeko ekipoaren muina: etxebizitzetara astegunetan joaten diren 11 langileek, asteburuetako biek, zerbitzuaren koordinatzaileak eta urtean zehar ohikotasunez taldekoen oporrak eta beste beharrengatik ordezkapenak egiteko beste bostek. Ongizate Saileko gainerako kideen lana ere ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzua emateko: administrariena eta gizarte langileena. Guztien artean ematen dute oiartzuarren bizi kalitatea bermatzeko funtsezkoa den laguntza hau.

Laguntza behar duenak zabalik du atea

Zerbitzuaren orduko kostua 35 eurokoa den arren, pertsona bakoitzaren baliabide ekonomikoen arabera zehazten da prezioa: baliabide gutxien dituztenek 0,22 € besterik ez dute ordaintzen. Erabiltzaileek diru-sarrera nahikoak badituzte 15€ ordaintzen dute. Gainontzeko kostu guztia Udalak hartzen du beregain.

Azken urte hauetan zerbitzu sendotu du Udalak eta jende berria gehitu da taldera. Beharra izan dezakeen edonork edo informazio gehiago nahi duenak ongizate sailera deitu edo idatzi dezake (943 49 05 52; gizarte@oiartzun.eus) edo udaletxean bertan galdetu. Herritarren eskura dago zerbitzua.

Gehigarriak

95 oiartzuarrek jaso zuten etxez etxeko laguntza zerbitzua 2022an