Beste zaintza eredu bat aldarrikatu dute

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Adin eta errealitate ezberdinetan ditugun beharrak asetzeko beste zaintza sistema bat aldarrikatu dute martxoaren 8an herriko mugimendu feministak antolatutako manifestazio ekitaldian. Hamarnaka herritarrek bat egin dute deialdiarekin.

Zaintza “erantzukizun sozial” bihurtzea aldarrikatu dute, “ez negozio”. Egungo “zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala” irauli nahi dutela adierazi dute, “dena aldatzeko”. Zaintza zerbitzu eta azpiegiturak indartzea, zaintza beharrak finantzatzeko laguntzak ematea, zaintzaileak zaindu eta babestea eta zaintza sare publiko komunitarioa egonkortzeko indar egitea eskatu dute.

“Jendarteak egunerokotasunean bizirauteko beharrezkoak dituen lan multzoa da zaintza. Medikura laguntzea zaintza da; botikak kudeatzea zaintza da; zaharren egoitzara bisitan joatea ere zaintza da; haur bat ikastetxera eramatea zaintza da; irakaslearekin biltzea zaintza da, erosketa zerrenda egitea zaintza da, etxea garbitzea, seguruak diren kulturguneak eraikitzea zaintza da, auzokoari zer moduz galdetzea zaintza da”. Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde lan egingo dutela esan dute, “pertsona guztiek, bizitza osoan zehar zaintza askatasunez eta duintasunez eman eta jasotzeko eskubidearen alde”. Zentzu horretan, urtea amaitu aurretik antolatuko duten greba orokorra inflexio puntu bilakatu nahi dute, herri zaindua eta herri saretua lortzeko.

Udal ordezkariek ere bat egin dute Oiartzungo Feministen Asanbladaren deialdiarekin.