2023 urteko araugintza-plana onartu du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Asteazkeneko ohiko udalbatzarrean 2023 urteko araugintza-plana onartu zuten, aho batez. Dagoeneko indarrean dauden sei ordenantza egokituko dituzte, tartean hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua, etxeko animalien babesa, herri barruko bideetan trafikoa eta segurtasuna eta herritarren artean sortzen diren bizikidetza-arazoei irtenbideak arautzen dituzten ordenantzak. Bi berri sortzea ere aurreikusi dute: energia elektrikoa, gasa eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioetako tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik lortutako onurengatik ordaindu beharreko tasa zehazteko eta Oiartzunen egingo diren planen eta proiektuen eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko prozedura definitzeko.

Udalerrian hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza berriari hasierako onarpena ere eman zioten EH Bilduko zinegotzien aldeko bozkekin. Estatuak onartutako hondakinen araudi berrira egokitzeko egingo da aldaketa.

Eneritz Arbelaitz alkateordeak azaldu zuenez, “oso poztekoa” izan da ikustea Estatuko lege berrian hondakinen kudeaketa egoki eta efizientea lortzeko jasotzen diren neurri proposamenak Oiartzunen “aspaldi martxan” ditugula. 2010 urtetik apustu indartsua egin da herriko hondakinen kudeaketa hobetzeko. Honi esker, hondakinen gaikako bilketa %20 izatetik %80 izatera pasa dela gogorarazi zuen. Lege berriak zehazten dituen etxeko lanak “eginak ditugu”. Bilketa efizientea egiteko atez ateko sistema proposatzen du Estatuko araudiak, autokonposta eta auzokonposta bultzatu behar direla zehazten du, murrizketa planen garrantzia aipatzen du… “Guk aspaldi hasi genituen lan lerroak” dira. Herrian egindako lana “zoriontzekoa dela berresten du lege berriak eta bide honetatik jarraitzeko indarra ematen digu”.

EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren. Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak adierazi zuenez, “ordenantza egokitu aurretik azterketa sakon bat egin gaur egungo sistema bideragarria den edo ez jakiteko eta beste formula batzuk aztertzeko”.

Gainontzeko puntuetan adostasuna

Landetxe eraikin berriko obraren likidazioa onartu zuten aho batez. 6.538.508,75 euroko kostua izan dute lanek, lizitazioan aurreikusi zen kopurua. Jexux Leonet alkateak eman zituen azalpen ekonomikoak. “Proiektuaren lizitazioa egin zenean 6.500.000 euroko inbertsioa izango zela kalkulatu genuen. Esleipena 5.500.000 euroan egin bazen ere, aurreikusi ezin ziren lanen eta KPIaren igoera dela eta 6.538.508,75 eurokoa izan da kostua; hasieran egin genuen estimazioa bete dugu beraz”.

2023an gizarte larrialdietarako laguntzaren zenbatekoa eta emateko irizpideak ere adostu zituzten. 93.825 euro bideratuko dituzte.

Herriko elkarteei dirulaguntzak

Herriko ikastetxeei 2022-2023 ikasturtean eskola kirola, eskola pilota, Muittu! eta orduz kanpoko hainbat ekintza sustatzeko 52.775,43 euroko laguntza ematea erabaki zuten. Ttur-Ttur euskaltzaleon bilguneari eta Hitz Hotz Kultur Elkarteari 2023an egingo zaizkien ekarpenak ere onartu zituzten: 48.700 € jasoko ditu lehenak Oiartzuarren Baitan egitasmoa gauzatzeko eta 67.000 € bigarrenak, Oiartzun Irratiaren bidez euskararen erabilera sustatzeko.

2023an kultur ekitaldiak antolatzeko dirulaguntzen banaketa ere adostu zuten. 43.250 € jasoko dituzte herriko elkarteek ekintza ezberdinak antolatzeko.

Otsaileko protokolo gastuak 508,20 € izan ziren; 242 € jardunaldi eta aurkezpenetan eta 266,20 € inprenta, diseinua, web orri gastuetan.

Gehigarriak

2023 urteko araugintza-plana onartu du Udalak