Oiartzungo produktuak zein diren jakiteko euskarriak atera ditu Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo janari dendetan saltzen diren herriko ekoizleen produktuak zein diren jakiteko ‘HemenGuk’ pegatina eta pintzak atera ditu Udalak. Bertako produktuei balioa eta ikusgarritasuna eman eta hauen kontsumoa bultzatu nahi du horrela.

Herriko 13 janari dendetan Oiartzungo 16 ekoizleren produktuak zein diren erraz identifikatzeko aukera egongo da hemendik aurrera beraz. ‘HemenGuk’ logotipoarekin egongo dira markatuta. Oiartzungo produktuak direla bereizteko hiru euskarri mota egin ditu: ontziratuta dauden produktuei jartzeko pegatinak, baldetarako euskarriak eta fruta edo barazki kaxetarako pintzak.

Oiartzungo Udalaren helburu estrategikoa da elikadura burujabetzan aurrerapausoak ematea. Elikagaiak herrian bertan ekoitzi eta kontsumitzeko proiektu ezberdinak jarri ditu martxan azken urte hauetan. 2021ean sortu zuen ‘HemenGuk’ marka, herriko ekoizleekin elkarlanean. Bertako produktuak balioan jarri eta etxekoa erosteko kontzientziazioa egin nahi dute. Hiru hilabetero azoka ere egiten dute, oiartzuarrek bertako ekoizleen produktuak erraz eskuratzeko aukera izan dezaten.

Gehigarriak

Oiartzungo produktuak zein diren jakiteko euskarriak atera ditu Udalak