Lehen sektoreko 33 proiektu diruz laguntzeko 46.908,98 € banatuko dira

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Atzo egindako urteko azken ohiko udalbatzarrean adostasuna izan zen nagusi. Landutako gai guztiak aho batez onartu ziren.

Oiartzungo lehen sektoreko proiektuak sustatzeko 46.908,98 € banatu eta ordaintzea erabaki zuten. 2022ko abenduaren 1a bitarte egon da dirulaguntzak egiteko epea eta 33 eskaera aurkeztu dira. Hauek aztertu eta oinarrietan ezarritako irizpideen baitan egin da banaketa.

2023an Oiartzunen aurreikusitako kultur ekitaldiak antolatzeko diru laguntzak banatzeko oinarriak ere onartu zituzten. 43.250 € emango dituzte urtarrilaren 1etik 31a arte egongo da irekita eskaerak egiteko epea.

Oinherri Elkarteko bazkide laguntzaile izango da Udala

Oinherri Elkarteko bazkide laguntzaile izatea adostu zuten atzoko bilkurak. Urteko ekarpena ordainduko dio Udalak.

2017an sortu zen Oinherri Elkartea herri hezitzaileak egituratu eta sustatzeko. Haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea du helburu; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea.

Kirol instalakuntzetako gastu gehigarriak ordaintzeko 34.620,78 €

Energiaren prezioaren garestitzea dela eta Elorsoro, Madalensoro eta Udako igerilekuetan 2022ko uztailetik irailera bitarte izandako gastuen igoera orekatzeko BPXport enpresari 34.620,78 eurotako konpentsazio gehigarria ordaintzea onartu zen.

Gai zerrendan ez zeuden bi kontu ere jorratu zituzten: Segurtasun Eskema Nazionaleko segurtasun politika dokumentua gaur egungo legediari eguneratzea eta Udala eta Behemendi Elkartearen arteko hitzarmenaren baitan, Bidez-bide eta Bide-lagun programen 2022 urteko gastua onartzea eta ordaintzea (54.400 €). Landa ingurunean eta sakabanaturik bizi diren biztanleen bizitza kalitatea hobetu nahi da bi programa hauekin.

Abenduko protokolo gastuak 236 € izan dira, loreak, eskelak, bazkari eta luntxetan.

Maribi Joaristi udal idazkariari eskertza

Batzar berezia izan zen atzokoa, 27 urtez udal idazkari lanetan egon den Maribi Joaristiren azkena izan baitzen. Esker oneko hitzak izan zituen alkateak harentzat.  27 urtez, ardura handiko lana “ezin hobeto” egin duela esan zuen Leonetek eta bere “konpromisoa eta esfortzua” azpimarratu zituen.

Adierazi zuenez, “legedia herritarren beharretara eta Udalaren proiektura egokitzeko lan ikaragarria” egin du. Udaleko zinegotzi eta langileentzat ez ezik, herritarrentzat ere Joaristi ondoan izatea “zorte handia” izan dela esan zuen, “herritar asko etorri direlako beregana haien gaiarekin nondik hasi ez zekitela eta Maribik bere bulegoan jaso eta irtenbide eta soluzioak eman dizkie denei”. Alkatearen arabera, Joaristik “ezin hobeto” ordezkatzen du enplegatu publiko batek izan behar duena: “konprometitua, langilea, hurbilekoa, eta zorrotz jarri behar denean ere zorrotz jartzen dena”.

Gehigarriak

Lehen sektoreko 33 proiektu diruz laguntzeko 46.908,98 € banatuko dira