Abittu zerbitzua bueltan da

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Irailarekin batera berriz martxan dago Abittu, Oiartzungo Udalak jarduera fisikoa sustatzeko eskaintzen duen orientazio zerbitzua.

Kirola egiten ez duten herritarrei bideratuta dago egitasmoa, aktibo bihur daitezen eta jarduera fisikoaren bidez euren bizi kalitatea hobetu dezaten. Orientazio zerbitzuak pertsona bakoitzaren egoera eta beharrak baloratu eta horren araberako gomendio eta plangintza pertsonalizatua eskaintzen ditu.

Pertsona aktibatzeaz gain, ohitura aldaketak eragin eta aktibatze hori iraunkorra izatea du helburu Udalaren egitasmo honek. Errutina aldaketa eta jarduera fisikoarekin atxikimendua bilatu nahi ditu.

Doako zerbitzua

Jarduera fisikoa egiten hasi nahi duen edonorentzat dago zuzendua zerbitzua eta doakoa da. Maddi Marquet orientatzailea arduratzen da aholkuak, irizpideak eta informazioa emateaz eta pertsona bakoitzaren jarraipena egiteaz. Elorsoro kiroldegian egoten da, astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan, 9:00etatik 11:00etara. Hitzordua hartu behar da 943 49 25 52 telefonora deituta edo abittu@oiartzun.eus helbidera idatzita.

Geroz eta erabiltzaile gehiago

Abittu 2018ko martxoan jarri zen martxan eta geroz eta herritar gehiagok erabiltzen du. Denbora honetan zehar ia 100 oiartzuarrek eskatu dute orientazio eta jarraipen zerbitzua. Emakumeek eta 40 urtetik gorakoek erabiltzen dute gehien.

Eragileekin elkarlana

Herriko baliabide eta azpiegiturak aprobetxatu eta herritarron osasunean eragina izan dezaketen eragile eta zerbitzuekin elkarlana sustatzen ditu Abittuk: udaletxeko sail eta zerbitzu ezberdinak, anbulatorioa, kiroldegia, ikastetxeak… Hauetan Abittu zerbitzua mesedegarri izan dakioken pertsona bat ezagutzen badute, Abittuko orientatzailera bideratzen dute, bertan bere behar eta interesen araberako plangintza osatzeko.

Elkarlan honen emaitza agerikoa da, erabiltzaile gehienak osasun zentrotik edo udaleko ongizate zerbitzutik bideratu baitira Abittura.

Gehigarriak

Abittu zerbitzua bueltan da