Lore More taldeak 'Trapu zikinak' antzezlana estreinatuko du hilaren 28an Oiartzunen

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Udalbiltzak sustatutako Geuretik sortuak proiektuaren baitan, Lore More konpainia nafarrak hilaren 28an estreinatuko du Oiartzunen aurreko udan abiatutako sorkuntza artistikoa: Trapu zikinak antzezlana. 

Garbitokien inguruan sortutako pieza aurkeztuko dute Maialen Diaz Urriza, Mikele Urroz eta Laura Villanueva aktoreek.

Emanaldia 19:00etan izango da, udaletxeko areto nagusian. Sarrera 5 € izango da eta egunean bertan salduko dira. COVID19arengatik Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen momentuko arauak errespetatuko dira.

Sorkuntza lan guztiak gozatuko ditugu Oiartzunen

Datozen hilabeteetan, Geuretik sortuak proiektuaren baitan beste herrietan landutako sorkuntza artistikoez gurean gozatzeko aukera ere izango dugu. Antzerkiari dagokionez, beste lau lan ikusteko aukera izango dugu: Oiartzungo Metrokoadroka kultur elkartearen Bidaide apirilaren 24an; Oier Zuñigaren Eresia maiatzaren 15ean (Eneko Gil dantzari oiartzuarrak parte hartzen du lan honetan); Ttanttakaren Sexberdinak ekainaren 19an eta Bonbon Beltzen Harriminak irailaren 18an (lan honetan Ttittika Rekaltek parte hartzen du).

Horrez gain, Geuretik sortuak-en baitan sortu diren bost film laburren proiekzioa izango da (data zehazteko dago oraindik) eta martxoaren 15ean proiektuan parte hartu duten idazleen lanekin osatutako Hamazazpigarrenean aidanez liburu-aurkezpena izango da, Iñaki Martiarena Mattin ilustratzailearen parte-hartzearekin. 

Euskarazko kultur sorkuntza eta artisten mugikortasuna helburu

Geuretik sortuak Udalbiltzak iaz martxan jarri zuen proiektua da, euskarazko kultur sorkuntza eta artisten mugikortasuna sustatzeko.

Euskal Herri osoko 26 udalerrik parte hartu dute egitasmoan, tartean, Oiartzunek. Hori dela eta, hiru asteko egonaldia egin du Geuretik sortuak-en aukeratutako artista bakoitzak udalerrietako batean. Esan bezala, Oiartzunen Lore More antzerki konpainia nafarra izan genuen abuztu bukaeratik iraila erdira.

Euskarazko kultur sorkuntza sustatzera 25.000 € bideratu ditu Udalak eta egonaldirako azpiegiturak eta baliabideak eskaini: Karrikako Iturburu etxea izan zen Lore Moreren ostatu eta Karaez 4a entsegu-lokala, esaterako.

Gehigarriak

Lore More taldeak 'Trapu zikinak' antzezlana estreinatuko du hilaren 28an Oiartzunen