1743 urtean euskaraz hutsez idatzitako gutun bat aurkitu da Oiartzungo udal artxiboan

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo udal artxiboan 1743an euskaraz idatzitako gutun bat topatu da eta gaur, Oiartzungo Udalak aurkikuntza honen berri eman du, Oiartzungo eta Euskal Herriko historian eta gure hizkuntzarenean aletxoa jar dezakeelako.

Jexux Leonet Oiartzungo alkateak aiderazi duenez, "poz" izugarria hartu du Udalak aurkikuntzarekin. "Uste dugu honen berri izan behar dutela gure herrikideek".

"Oiartzungo herriak euskararekiko izan duen harremanaren isla ere bada hau; hizkuntza gure herriaren ezaugarri garrantzitsua da, oraindik ere".

"Kasualitatez" egindako aurkikuntza

Garai bateko dokumentuekin askotan gertatzen den bezala, "kasualitatea" izan da euskaraz idatzitako gutun honen aurkikuntza. Iago Irixoak, Ereiten Kultur Zerbitzuak enpresako historialariak, topatu zuen "bestelako informazioren bila" zebilela. 

Gutun hau lagin isolatu bat da. Baina, era berean, lagin honek argi uzten du korrespondentzia pribatua, behintzat, euskaraz izaten zela XVIII. mendean. "Anekdota" dela esan dezakegu, baina normaltasuna ere islatzen du. Gutunak agerian jartzen du euskarak lekua zuela mundu idatzian XVIII. mendean.

Gaur-gaurkoz, hala ere, horrelako adibide gutxi ditugu. Ez dira ohikoak. Eta horrek ere ematen dio garrantzia aurkikuntza honi.

Gutunaren azalpena

Gutuna 1743ko urrian idatzitako eskutitz pribatu bat da, Oiartzungo zirujaua zen Auger Greciet (Oier Gerezieta) hazpandarrak herriko bikarioari, Jose Fagoagari, Fontaineblekutik (Frantzia) bidalia.

Hezkuntza jasotako bi pertsona dira bai bidaltzailea eta bai hartzailea. Gutunean Grezietek "mesedea" eskatzen dio bikarioari, "Oiartzungo bailaratik kanpo joateko udalbatzak aurretik emana zion baimena luzatzeko kudeaketa" egin zezan. Garaiko harreman sozialetan tratamenduak zuen garrantziaren lekukotasuna ere bada gutun hau: begirunez eta mintzaira jasoan idatzita dago eta etengabeak dira laudorioak, goraipamenak, esaldi jantziak...

Auger Greciet (edo Oier Gerezieta) 1742ko otsailean kontratatu zuen Oiartzungo udalbatzak herriko zirujau izateko. Bere egikoteka odolusteak egitea, bisitaldiak burutzea eta ospitaleko txiroak artatzea ziren, besteak beste. Grecietek jardun hori burutzeko ezagutza bermatzen zuen tituluak aurkeztu, azterketa gainditu eta Frantziako titulazioa baliozkotu behar izan zituen.

Prozesu horiek egiteko, baimenak eskatu behar izan zizkion udalbatzarrari; horien artean, 1743ko abuztuan hiru hilabetez kanpora joatekoa. Baimen horren luzamendua eskatzeko bidali zuen orain topatu den gutuna.

Momentuz, ez dakigu Fagoagak erantzun zuenik eta, egin bazuen, zein hizkuntzatan erantzun zuen (nahiz badakigun baimena luzatu ziotela Grecieti), ez delako topatu dokumenturik. 

Gizarte bat ulertzeko informazioa

Aspektu linguistikotik haratago, gutun honek gauza askoren berri ematen du. Batetik, erakusten du ordurako bi estatutan banatuta zeuden Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak estuak zirela. 

Bestetik, gezurtatzen du euskaldi ezberdinetan mintzatzen ziren euskaldunek ez zutela elkar ulertzen. Are gehiago: gaur egun ere ulertzeko arazorik ematen ez duen moduan idatzia dago Grecieten gutuna (lapurteraz).

XVIII. mendeko gizarte antolaketaren berri ere ematen du. Garai hartan, osasun zerbitzua (zirujaua) Udalak ematen zuen. Oiartzungo kasuan, bailararen hedadura kontuan hartuta, bi zirujau-bizargin kontratatu zituen Udalak, zerbitzua egoki eman zezaten. Nabaria da Udalak auzotarrei kalitatezko zerbitzua emateko konpromisoa: tituludunak ekartzen zituen jardun horretarako. Kasu honetan, Lapurdira jo zuten zirujau bila.

Udal akten hustuketa, euskara hutsean

Gutunaren aurkikuntza, esan bezala, ustekabekoa izan da. Hala ere, Oiartzungo Udalak euskararekiko hartua duen konpromisoa ez da kasualitatea. Udal artxiboan ere horrek badu isla: sail honen lan-hizkuntza ere euskara da. Hori dela eta, artxiboaren hustuketa euskaraz egiten ari da Udala.

"Akta-liburuak jasotzen dituen orri guztiak irakurri eta laburpen txiki batekin deskribatzen dira, dauden akordio, idazki edo erantsitako edozein dokumenturen edukia jasoz. Parte hartzen duten pertsona guztien izenak eta agertzen diren leku guztiak ere aipatzen dira", azaldu du Koro Pascual Oiartzungo udal artxibozainak. "Udal akten hustuketa euskaraz egitea ez da ohikoa oraindik". Oiartzun, herri aitzindarietako bat da horretan.

2014an hasi zen udal akten hustuketa euskaraz egiteko lana, XVII. mendeko aktekin eta momentuz, 1658tik (Oiartzungo udaletxean kontserbatzen den lehenengo akta liburua ordukoa da) 1742 arte artekoak hustu dira. Aktak erdaraz idazteak bazuen elitearekin lotura. Prozedura administratiboak boterearekin harreman zuzena zuen. Populazioaren zati handi batek ez zekienez gazteleraz, euskaldun hutsak ziren horiek denak boteregunetik aparte mantentzeko moduetako bat zen udal aktak eta dokumentu ofizialak gazteleraz idaztea. Hala ere, hustuketa lanetan, hasieratik agertu dira euskarazko hitzak eta toponimoak gazteleraz idatzitako dokumentuetan. Jauzi handia izan da, hala ere, euskaraz idatzitako testu oso bat dugulako orain esku artean.

Pascualek azaldu duenez, "akta liburuek izaera berezia dute, udalbatzaren bileren erregistroa ez ezik, Bailarari edo udal-gobernuari zuzendtutako dokumentazioa dutelako, gariako bizimodua islatuz".

Aktak euskaraz husten hasi zenetik, dibulgazio lanetan ere badabil Udala. Udal akten laburpena digitalizatutako datu basean gordetzen ari da, "edozein kontsulta errazteko".

Hemendik aurrera, gutunak merezi luke azterketa filologikoa. Hori, adituen esku utziko du Udalak. Bitartean, Oiartzungo Udalak 1937 arteko aktak euskaraz husten jarraituko du. 

Hona hemen gutuna traskribatua (gaur egungo grafiara ekarria):

Jauna

Justuki nindake akusatua indiferen batentzat zure partez, zuk niri hainbertzetan ezagutzera emanez geroz zure amodioa nik merezitu gabe, ez banauzu berritzen nire oroitzea zureganat. Hartzen dut, bada, ausartzia zuri eskribitzeko lerro hauek, eta informatzeko hauen medioz zure osasunaren estaduaz eta zure familiarenaz, zoinen komendamenduan aurkitzen bainaiz.

Ezin kunplitu nuen nire obligazionearekin zureganat, ez nire adiskideenganat, borondatearen konforme eta nire obligazioneak galdegiten zuen bezala, Oiartzundik partitzean. Egia errateko ez nuen uste honat beharko nintzela eta ausentzia hain luzearentzat partitzen nintzela. Otoitzen zaitut, bada, Jauna, barkatzeaz nire falta ordukoa.

Grazia bera galdegiten dut nire bertze adiskide guztiez, suplikatzen zaitudalarik, junto beste guztiekila, kontinuatzeaz nireganat zure amodioa, eta obligatzeaz instante urgente honetan, zoinetan aurkitzen bainaiz zure behar handian, obtenitzeko grazia gobernuko jaunenganik, permisionea orain zonbait denborarentzat nire egitekoak galdegiten duten bezala, esperantza osoarekin nago obtenitukoren derautazula grazia hori, segurtatzen derautzudalarik korrespondentzia justu batez zureganat eta herriko jaunenganat. Nire ausentzia hain luzea da okasionatua, korte guztia kanpoan aurkitzeaz, baina esperantza osoarekin aurkitzen naiz erreuseaz nire egitekoan denbora laburrean eta, Jaungoikoarekin baitan, nire adiskide guztien ikusteaz eta infernu bizi honetatik galitiaz begibi[…]taraino, zeren naizen hasia fazoin guztiez.

Finitzen dut, Jauna, galdegiten dauzudalarik zure amodioaren kontinuazionea Orobat egiten dut gobernuko jaun guztiei eta bertze nire adiskidide guztiei, ahantzi gabe mediku jauna.

Barkatu nire ausardia, segurtatzen zaitudalarik nitzala, eta izanen, bizi naizeno, amodio eta humilitate osoarekin, afekzione eta errespetu osoarekin.

Zure zerbitzari fidela,

Auger Greciet

Fontebleaun, octobre, 21, 1743. Parisetic 14 lekobidetan urrunago"

Gehigarriak

1743 urtean euskaraz hutsez idatzitako gutun bat aurkitu da Oiartzungo udal artxiboan