Oiartzungo akta zaharrak: Elikaduran murgilduz, mokaduak eta oturuntzak (III)

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

III. Eliz agintarien bisitak, oturuntza berezien lekuko

Ohiko ekitzaldiez gain, gizartea ezustean harrapatzen zituen edo ezohikoak ziren gertakari eta ospakizunak ere bazeuden. Hauen artean, gotzainak edo beren ordezkariel elizbarrutietara egindako urteroko bisitak ditugu, eliztarrek zituzten ohiturak ortodoxia katolikora moldatzen ziren ala ez ikusteko. Egin zirenetan, gaiari buruzko informazio asko ematen digute, zehatzagoa.

Jan edo edari urritasuna ez zen ohiko kontua zenbait kasutan. Garaiko testuinguru kulturalak ere laguntzen zuen, oturuntzak botere, ahalmen eta aberastasunaren lekuko gisa erabiltzen baitziren. Asko zen mahaigaineratzen zena, ahalik eta ugarien, anitzen, ezohikoen eta itxuraz prestatukoena izateko asmoz, beti ere norberaren aukeren edo testuinguru sozialen arabera. Oiartuznen bizi zen gehiegikeriak oso handia izan behar zuen XVII. mende bukaerarako eta udal-zorroari zekarzkizkion gastuak oso handiak zirela dirudi, ezen mugatu beharra sentitu baitzuen udalbatzak. Hala, 1675eko martxoan, bisitan sortutako gastu handiegien ondorioz, ordutik aurrera horiek neurriz kalkula zitezela adostu zen, bisitariarekin zihoazen pertsonak murriztuz edo artzapez-barrutia osatzen zuten beste herriekin gaiaren inguruan bilera bat egiteko.

Nolanahi ere, bisita horiek ekitaldi bereziak izaten jarraitu zuten. Akta-liburuetan ez dugu adibide askoren berri, baina kualitatiboki ematen duten informazioa oso ikusgarria da.

Euskarri dokumentalak ez dira oso ugariak, aitzitik, bi erregistro besterik ez ditugu, 1701ekoa eta 1715ekoa. Lehenengoan, Juan Ierobi Amolatz eta Pedro Albiztur berefiziadunek bisitaldian izandako gastuak aurkeztu zituzten, guztira ia 1.980 erreal inguru. Bigarren adibidea 1715ekoa da, eta Pedro Aguado Iruñeako gotzainaren bisitaldiaren ondotik sortu zen. Gastuak ia bikoitza dira eta informazio ere ugariagoa. 

Agiriek eskuratutakoaren berri ematen digute, bereziki elikagaiei dagokienez, baina bestelako gastu batzuk ere bai: zelabere eta zamarientzako pentsua, ikatza, hegaztientzako artoa... Batzuetan erositakoaren kopuruak azaltzen dira, baina ez beti, batzuetan gastuaren zenbatekoa bakarrik dugu. Alabaina, garai haietako ospakizun berezietan zernolako gauzak jaten zituzten ikusten laguntzen dute.

Lehenengo eta behin, barazkien urritasuna aipatu behar da. Oso eskasak dira aipatzen direnak, garaiko pentsamoldeari jarraituz. Hamaika plateretan oinarrizko osagaia izango balira ere, asko egunerokotasunean kontsumitzen ziren.

Haragiei dagokienez, alde batetik txerrikiak ditugu eta, bestetik, bestelako okela, normalean behiarena edo ahariarena. Txerriaren aprobetxamendua modu ugaritan agertzen da, 1701ean produktu gehiago zerrendatzen dira. Hala, bi urteetan ageri zaizkigun urdaiazpiko, xingar eta urde-gantzez aparte, solomo, saltxitxa eta 13 libra (7 kilo) inguru txerri-belarri eta hanka aipa daitezke.

Hegaztiak ziren honelako oturuntza berezietan protagonismo aipagarria zuen produktuetako bat. Etxeko oilo, oilanda, oilasko edo kapoiak ugariak ziren: 27 oilo eta 36 oilanda 1701ean; zortzi oilo, lau oilasko eta 27 oilanda hurrengo bisitan. Hauei usakume eta usapalek, galeperrek eta eperrek laguntzen zieten, Frantziatik ekarriz. Ildo nagusietatik harago, bi urteen artean desberdintasunak daude: 1701ean oiloak, usatortolak (6 ale), galeperrak (24 ale) eta eperrak (bi) dauden bitartean, hurrengo bisitaldian benarrizak eta birgalkatutako ahateak ("patos repastados") aipatzen dira, kopurua zehazten ez bada ere. Bestelako ehizari dagokionez, ez du ematen asko eskaini zenik. Multzo horretan soilik lau untxi ditugu (1701ean).

Arrain eta itsaskiak, berriz, lehenengo bisitan amuarrainak eta "itsasoko arraina eta txirlak" aipatzen dira, baina pentsa daiteke halako kontzeptu orokor baten barnean 1715eko ospakizunetan aipatutako mihi-arrain, barbarin, legatz, korrokoi eta izokinak edo bazeudela.

Horiek guztiak edariz blaitzen ziren. Oraingoan ere, 1715eko erregistroa aberatsagoa da. Ardoa da benetako protagonista, arruntagoa gerta zitekeen sagardoaren kaltetan; azken edari honek ez zuen lekurik izan 1701ean. 1715ean, aldiz, 100 pitxer ardo baino gehiagoren aldean, lau pitxer sagardo hutsaren hurrengoa dira. Jatorri ugaritako ardoa azaltzen da: ardo beltza, Tuterakoa eta Puertokoa (Oporto? Puerto de Santa Maria?). Ardo txuria, 1701ean bakarrik aipatzen dena, Malagan egindakoa zen. Ardo zaharraren edo Kanarietako ardoaren berri ere badago. Postre garaitan mistela izan zen produktu nagusia, ginga-mistela, hain zuzen ere: zuzenean Hondarribiatik ekarritakoa zein Bailarakoa bertakoa, kanpotik ekarritako gingen bidez ekoitzia.

Jakirik kuttunenetakoak, garaiko modari jarraituz, gozoki eta fruitu lehorrak ziren; benetako gutiziak, eskaintza anitzekoa. Kategoria honetan sar ditzakegu azeitunak, limoiak, udareak edo aranak, intxaurrak edo 1715ean aipatzen ez diren almendrak eta orejoiak eta, jakina, prestakuntza handiagoa zuten jakiak. Esnegainak bi urteetan ikusten ditugu, baita txokolatea ere. Azken honen beharrak nabarmen egin zuen gora 1715ean, 1701ean eskatutako bederatzi librak 27ra igo baitziren. Bestalde, elurra eta grageak edo koloretako konfite oso txikiak ez dira 1715ean azaltzen, ezta bizkotxotzarra ere, baina hala eta guztiz ere, mota ugaritako gozokiak bai: almidoia, jaleak, gozokiak, tartak eta bizkotxoak.

Aipatutako guztiari laguntza emateko osagaien berri ere badugu: garia, arrautzak, arroza, gatza, azukrea, esnea, gurina, olioa eta espeziak. Azken hauetan azafraia, kanela eta piper-beltza ageri dira lehenengo bisitan, 1715ean mostaza gehitzen da. 

Gotzainaren edo bere ordezkariaren etorrera gertakari bereziak ziren. Agintari garrantzitsu bati behar den moduko egonaldia erraztu behar zitzaion. Erantzun aproposa emateko, baliabideak bilatu behar ziren, Bailaran bertan, zein bertatik kanpo. Bigarren bisitaren hornitzaile oiartzuarren berri zehatzak dugu, bereziki etxeko hegaztiei dagokienean: Maria Barbara Esteberenak, Luis Ardozek, Maria Felipa Oiartzabalek, Angela Berrotaranek, Etxeandia izeneko batek, Ibarburutxipikoek, Austegiren emazteak edota Zuloaga errotan bizi zirenek ekarpena egin zuten. Azkenik, Urtsula Unseinek ere ardo-ekarpena egin zuen, bai Oiartzungo egonaldirako 65 pitxerrak zein beste 10 gotzainak ondoren egin behar zuen Goizuetarako biderako. 

Oiartzundik kanpo ere bazegoen zer hautatua. Barbara izeneko emakume batek, adibidez, Donostiara bidaia egin zuen, 1715ean, oturuntzarako txokolatea egin zedin. Urumeako hiribildua postreak eskuratzeko leku aproposa zen, bertako Juan Mendinuetan etxetik 12 libra gozoki ekarri baitziren. Gutizia horiez gain, produktu bereziagoak ere bertatik edo bste portuetatik ekarri ziren: Esteban izeneko gizon bat Donostiara joan zen Kanarietako ardoa hartzera, eta azafraitan lau erreal gastatu ziren han. Hondarribiatik bi ginda-mistela botila ekarri ziren. Bi emakumek izokinak ekartzeko ardura hartu zuten, nondik eskuratu zituzten ez badakigu ere; akaso Bidasoatik edo artean ibilgua aldatu gabea zuen Urumea ibaiko osin famatuetatik.

Moja edo lekaimeek postreak eta gozokiak prestatzen zuten dohain eta sonak ere lekua du dokumentuetan. Horren lekuko dira Donostiako San Bartolometik ekarritako lau tartak eta sei libra bizkotxoak, baita Errenteriako Agustindarrengandik lortutako 12 libra bizkotxoak ere. Gozokiez harago, bestelako jakiak ere eskuratu ziren kanpotik.

Hegazti arruntak Bailaratik zetozen bezala, eskualde urrunagoetatik iritsi zirenen berri ere bada. Franziak egundaino mantendu duen ospea aurreko mendeetan hasi zela ikus dezakegu Oiartzungo agirietan. Bai 1701eko zein 1715eko bisitetan, erresuma hori hegazti-hornitzaile suertatu zen. Handik ekarri zituzten eper, galeper, usapal eta usatortolak, zelaberez zein gabarraz, pasaporte edo igaro-baimena lortuta.

Nola prestatu ziren, mahaian nola zerbitzatu ziren eta mahaia bera nola egituratu edo apaindu zen, ez dakigu. Egun ikuspegiak ez digu balio zapo, prestakuntza eta ordenaren aldetik. Izan ere, sarrera gisa gingak, fruitu lehorrak edo natillak zerbitzatu zitezkeen. Postreetan, ohikoak gerta dakizkiguken marmelada, gazta, fruitu, kontserba edo grajeekin batera, azeitunak daude. 1701ean ez bezala, gutxienez, badakigu 1715ean azukrez betetako bi kutxetatik bat ginga-kontserba egiteko erabili zela; bestea, berriz, limonada egiteko eta sukaldariaren beharretarako. 

Badugu hori prestatzeko propio kontratatzen zen jendearen berri: 1701ean Graziana gisatzailea azaltzen zaigu izen bakar moduan, sukaldean lagundu ziotenen aipamen orokor bat besterik ez dugu. Azken hauen artean 24 erreal banatu ziren eta Grazianak 40 eskuratu zituen. Bigarren bisitaldia sukaldean aritu ziren emakumeei buruz berri gehiago dugu: "las mugeres que siruieron en la cocina". Guztira 68 erreal gastatu ziren: horietatik 20, Maria Josefa sukaldariarentzako izan ziren. 

Hamarkada bat lehenago Grazianak kobratu zuenaren erdia jaso bazuen ere, bera izan zen arduradun nagusia, soldatan bertan argi ikus daitekeen moduan: laguntzaile izan zituen Urdinolako neskamea, Mari Gurutzeren alaba, Fausto Zuaznabar bikarioaren eta Frantzisko Oiartzabal benefiziodunaren neskame bana, Katalina Etxebeste eta Ana Lopez Esteberenari, aldiz, bakoitzari zortzi erreal eman zitzaizkien.

Egunerokotasunaren printza batzuk (I)

Mokadu bereziak: jaietako gozemateak (II)

Gehigarriak

Oiartzungo akta zaharrak: Elikaduran murgilduz, mokaduak eta oturuntzak (III)